Politika -

Nafarroako Parlamentua

Barcinak kontrol publikoa ezarriko dio CAN Fundazioari

Erabaki horrekin, Nafarroako presidenteak "gardentasuna" eman nahi dio Fundazioari. Gainera, CAN auzia argitzeko "Justiziarekin elkarlanean aritzeko prest" dagoela esan du.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EITB
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, Nafarroako Aurrezki Kutxaren Fundazioan "ospe handiko" pertsonek osatutako patronatua egongo da, eta "kontrol publikoa" ezarriko zaio "gardentasuna" bermatzeko.

Barcinak, CAN auzia argitzeko, "Justiziarekin elkarlanean aritzeko prest" dagoela esan du, baina argi adierazi du CAN Fundazioaren estatutuak idazteko enpresa kudeatzaileak legedia betetzen duela.

Horixe adierazi du Nafarroako presidenteak Parlamentuko batzordean, oposizioko alderdi guztiek agerraldia eskatu ostean.

Egitura

Barcinak azaldu duenez, Fundazioak "200 milioitik gorako ondarea izango du hasieran, egitura finko gutxi, zorrik ez, diru-sarrera iturri bat eta helburua bakarra izango da: Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialean laguntzea".

Fundazioaren estatutuak egingo dituen enpresa kudeatzailearen inguruan, erakunde "teknikoa" dela azpimarratu du, eta Fundazioa "profesionalek osatutako" patronatuari eman arteko prozesua burutuko duela.

Hori horrela, eta Fundazioaren izaera juridikoa kontuan izan gabe, "kontrol publikoa" izango omen du Fundazioak, kudeaketaren gardentasuna bermatzeko.

Oposizioa

Azalpen horiek, ordea, ez dute oposizioko alderdi politikoen jakinmina asetu. Izan ere, Patxi Zabaletak "egia osoa" jakin nahi zuen. Haren esanetan, "Forua prostituitu" dute eta "txiringitoak" sortu dituzte. Hori dela eta, Parlamentuan ikerketa batzordea sortzea eskatu du, epaitegikoaren gehigarria izango delako eta "gardentasuna bermatuko" duelako.

Bilduren aldetik, Maiorga Ramirezek "berriro eraiki beharko diren oinarrizko gauzak suntsitzea" leporatu dio Barcinari. Era berean, UPNren Gobernuak "CANen amaiera txarraz inor ez ohartzea" nahi omen zuen, zeren "informazioa ukatu zuten" eta "haiekin zerikusirik ez zuen kontua zela sinestarazi nahi zuten, baina orain auzitegiek ikerketa abiatu dute".

"Krisi garaian, gizarte iruzur garaian, Nafarroako gizartea asko ari da sufritzen eta asko du galtzeko. Galera handienetako bat Nafarroako Kutxarena izango da, garapenera bideratutako tresna baitzen", adierazi du Jose Miguel Nuin I-Eren bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea