Politika -

'Barcenasen agiriak'

Rajoy: 'Han ageri den guztia ez da egia, gauzaren bat salbu'

'Barcenasen agiriak' faltsuak direla berretsi eta indartsu dagoela esan du presidenteak, Merkelen aurrean. Gobernura iritsi zeneko ''gogoa, ilusioa, indarra eta kemena'' dituela adierazi du.

Rajoy: 'Argitaratu den guztia gezurra da'

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Leporatzen dizkidaten gauzak gezurra dira'', berretsi du Mariano Rajoy presidenteak astelehen honetan, Angela Merkelekin batera eman duen prentsaurrekoan, 'Barcenasen agiri'en inguruan galdetuta. Hala ere, aitortu egin du kaleratutako zenbait datu egia direla.

"Bertan ageri den eta niri dagokidan guztia zein bertan ageri den eta alderdiko beste kideei dagokien guztia ez da egia, gauzaren bat salbu, komunikabideek kaleratu dutena, alegia. Edo beste modu batera esanda: erabat faltsua da'', azaldu du presidenteak.

Kazetariek egindako galderei erantzunez, Rajoyk berretsi egin du PPren ustezko kontabilitate ezkutuaren inguruan egindako salaketak faltsuak direla, eta indartsu dagoela esan du. Gobernura iritsi zeneko ''gogoa, ilusioa, indarra eta kemena'' dituela adierazi du presidenteak.

Alderdi Popularrak Barcenasen kontra kereila aurkeztuko ote duen galdetuta, Rajoyk esan du bere alderdia maila judizialean zer egin aztertzen ari dela.

Halaber, berretsi egin du Gobernua egonkorra dela, eta Alderdi Popularrak gehiengoa duela Kongresuan. Hazkunde ekonomikoa lortu eta enplegua sortzeko lanean jarraituko dutela esan du presidenteak.

Espainiako Gobernuko presidenteak Berlinera egin du bidaia, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batzarra egiteko. Helburua ostegunean Europar Batasunak abiatuko duen goi-bilera prestatzea izan da, baina Barcenas auziaren itzalak bilera baldintzatu du.

Rajoyk agerraldia egin zuen larunbatean, azalpenak emateko, baina ez zuen galderarik onartu. Gaur, ordea, erantzun egin behar izan die kazetariei, Merkel alboan zuela, gainera.

''Errespetua eta mirespena'', Espainiak egindako erreformen aurrean

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ''erabateko errespetua eta mirespena'' adierazi du Rajoyren Gobernuak orain arteko egindako erreformen aurrean. Merkelek kezka agertu du Espainiak duen langabezia datuekin, bereziki gazteen artean, baina ziur da ''erreformek arrakasta'' izango dutela.

Halaber, Rajoyri arrazoia eman dio, Espainiako presidenteak Alemaniari hazkundea lortzeko ekarpena egin dezan eskatu ondoren.

Defizitaren murrizketa eta neurri berriak

2012an, Espainiaren defizita % 3,5 murriztu zela azaldu du Rajoyk, eta ''Espainiako ekonomian efektu positiboak'' daudela esan du. ''Ez dira ikusten, baina defizita murriztea albiste ona da'', esan du presidenteak.

Ildo horretan, Gobernuak politika berdinei eutsiko diela adierazi du, eta otsailean ''hazkundea bultzatzeko neurri multzo zabala'' aurkeztuko dutela iragarri du. Dena den, ez du neurri horien inguruko xehetasunik eman.

Rubalcaba: 'Barcenas itzala Rajoyrekin batera joan da Berlinera'

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak astelehen honetan esan duenez, bere eginkizunak betetzeko "gaitasun osoa" duen gobernuburua behar da, eta Mariano Rajoyren arazoa honako hau da: "Berlinera joan da eta haren itzalak lagundu dio, Luis Barcenasek". Atzo bertan, gainera, Rubalcabak dimititzeko deia egin zion Rajoyri.

Ikusmina eta protestak Berlinen

Hitzorduak ikusmin handia piztu du, eta hainbat lagun Berlingo kantzilerraren egoitzaren aurrean elkartu dira, Rajoyren kontra protesta egiteko.

Barcenas auziaren itzala

Espainiako Gobernutik ukatu egin dute Barcenas auziak Espainiaren irudiari kalte egingo diola. Eskandalua, baina, nazioarteko hedabideen lehen orrialdeetan eta atarikoetan ere egon da.

Larunbateko prentsaurrekoan, gobernuburuak "inoiz" diru beltzean kobratu izana gezurtatu zuen, eta hedabideetan publikatutakoa "gezurra" dela adierazi zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea