Politika -

Barcenas auzia

PPko hainbat kidek aitortu egin dituzte Barcenasen agirietako kopuruak

Aitortzen azkenak Santiago Abascal bizkaitarra eta Calixto Ayesa nafarra izan dira.

Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea. EFE
Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea. EFE
Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPko hainbat kargudunek aitortu egin dute Barcenasen agirietan agertzen diren diru kopuruak jaso zituztela. Agiriak PPko diruzain ohiaren kontabilitate ezkutuaren ustezko frogak dira, eta alderdiaren azken 20 urteotako hainbat buruzagik diru beltzean kobratu zutela frogatzen ei dute.

Paperetan agertzen diren kopuruak jaso zituztela aitortu duten azkenak Santiago Abascal PPren Amurrioko zinegotzia eta Calixto Ayesa Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari ohia izan dira. Aldez aurretik, Pio Garcia Escudero Senatuko presidenteak ere egin zuen.

Santiago Abascal

Amurrioko zinegotziak baieztatu egin du PPk 12.000 euro eman zizkiola 1999. urtean, ezezagunek bere dendari molotov koktelekin eraso eta gero. Helburua kalteak konpontzea zen, baina dirua nondik etorri etorri zen, hau da, "kontabilitate batean edo bestean zegoen", ez dakiela gaineratu du.

Horren esanetan, erasoak eragindako kalteak "19 milioi pezetakoak" (114.000 euro) izan ziren, baina aseguru-etxeak ez zion gastu osoa ordaindu. Horregatik, alderdiari laguntza eskatu zion.

Abascalek ez du gogoratzen nori zehazki eskatu zion laguntza, ezta eskudirutan kobratu ote zuen ere, "14 urte joan direlako", baina Euskadin alderdiaren partetik dirua jaso duen bakarra izan ez dela nabarmendu du.

Calixto Ayesa

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari ohia eta PPNren zuzendaritzako kideak aitortu egin du berak jaso zuela Barcenasen agirietan Jaime Ignacio del Burgoren izenean dauden diru kopuruak (3.900.000 pezeta, 1991n eta 1992an emanak).

Ayesaren esanetan, 1991. urtean, UPNk eta PPk ituna sinatu zutenean alegia, Alderdi Popularraren zuzendaritzak Nafarroako Gobernuan kontseilari izatea eskatu zion.

Kargua onartzeak, baina, dermatologo kontsulta itxi behar izatea ekarri zion, eta, ondorioz, bere egoera ekonomikoak txarrera egin omen zuen. Horregatik, PPren zuzendaritza nazionalak laguntza ematea erabaki zuen.

Laguntza hori, baina, "ez zen legez kanpokoa izan".

Pio Garcia Escudero

El Pais egunkariak Barcenasen agiriak publikatu eta gutxira, Goi Ganberako presidenteak onartu egin zuen 2000. urteko abuztuan 5 milioi pezetako mailegua eskatu ziola PPri, baina "osorik" itzuli zuela esan zuen. "Ez da legez kanpokoa", aldarrikatu zuen.

Garcia Escuderok adierazi zuenez, garai horretan ETAk atentatua egin zuen bere etxearen aurka, eta kalte materialak handiak izan ziren. Dirua kalteak konpontzeko bideratu nahi zuen.

Halaber, mailegua Javier Arenas garai horretako idazkari nagusiari eskatu ziola zehaztu du.

PPren jarrera ofiziala Barcenasen agiriak "faltsuak" direla esatea da, hainbat datu benetakoak izan daitezkeela aitortzen duten arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea