Politika -
Katalunia, autodeterminaziora
Artur Mas 'aurki' hasiko da Espainiako Gobernuarekin hitz egiten
Mariano Rajoyren Gobernua Kataluniako Parlamentuaren adierazpena aztertzen ari da, baina Konstituzionalera jo ahal izatea "zaila" izango dela adierazi du.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidentea "aurki" hasiko da Espainiako Gobernuarekin Kataluniako Parlamentuak subiranotasunaren alde onartutako adierazpenari buruz hitz egiten, 8tv telebista kateak egindako elkarrizketa batean iragarri duenez.
"Hartu-emanak aurki hasiko dira, hurrengo egunetan edo asteetan. Batzuk publikoak izango dira, eta beste batzuk pribatuak, eta elkarrizketa zubiak eraikitzeko eta adierazpenaren edukiaz hitz egiteko baliagarriak izango dira", adierazi du.
Artur Masek abenduan egin zuen Generalitateko presidente karguaren zina, baina oraingoz ez da bildu Juan Carlos I.a erregearekin eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin.
Kataluniako gobernuburuak autodeterminazio erreferenduma Estatuarekin adostu nahi du, "oinarri legala" izan dezan, eta, gauzak "hobeto" egin daitezkeela aitortu badu ere, "pozik" agertu da Parlamentu autonomikoaren bozketaren emaitzekin.
PSCko bost diputatuk adierazpena errefusatzea saihestu dutela eta [sozialistek aurka egin zuten, baina bost horiek ez zuten bozketan parte hartu, kontrako boza ez emateko], "barne zatiketak gidatuta" Alderdi Sozialistak PPCrekin eta Ciutadansekin bat egin izana deitoratu du Masek.
"Akordioa zabaldu nahi dugu, eta PSCk noiznahi bat egitea gustatuko litzaiguke. Zaila dirudi, ia ezinezkoa, baina ekinean jarraituko du", gaineratu du.
Espainiako Gobernua, adierazpena aztertzen
Bestalde, Mariano Rajoyren Gobernua Kataluniako Parlamentuaren adierazpena aztertzen ari da, "dagozkion neurriak" hartu eta "Konstituzioa betearazteko".
Nolanahi ere, Gobernutik azaldu dutenez, adierazpena "politikoa" da, eta, beraz, "erantzun politikoa" izan behar du.
Horren ildotik, Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroaren ustez, "zaila" izango dela Auzitegi Konstituzionalera jotzea, Kataluniako Parlamentuak onartutakoa "testu erretorikoa" baino ez delako, hots, ez da juridikoki loteslea eta ez du "ondorio praktikorik".