Politika -

Independentzia prozesua

Kataluniako Parlamentuak autodeterminazio-prozesua hastea onartu du

CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdien babesarekin onartu dute adierazpena; Katalunia “subjektu politiko eta juridiko subiranotzat” hartu dute horrela.

Kataluniako Parlamentua. EFE
Kataluniako Parlamentua
Kataluniako Parlamentuak subiranotasun-adierazpena onartu du

2:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuko osoko bilkurak subiranotasun-adierazpena onartu du, eta Katalunia "subjektu politiko eta juridiko subiranotzat" hartu dute, halaber, "erabakitze-eskubidea" edota autodeterminazio-eskubidea kontsulta baten bitartez eraginkorra egitea hitzartu dute. Erabakiak CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdien 85 botoren babesa izan du.

Adierazpena errefusatu egin dute 41 parlamentarik, PSCn (bostek bozketaren diziplina hautsi dute bertara azaldu gabe), PPC eta Ciutadansen, legezkotasunaren aurka joateagatik. CUP alderdiko bi diputatuk ez dute botorik eman.

PPCko hamazazpi diputatu (bi ezin izan dira osoko bilkurara joan, gaixorik zeudelako) beren aulkitik altxatu dira eta presaka irten dira osoko bilkuratik, protesta moduan, bozketaren ostean.

Diputatuen % 63ren babesa

Kataluniako Ganberako diputatuen % 63 agertu dira subiranotasun-adierazpenaren alde; 2005ean, Autonomia Estatutuaren bozketa egin zutenean, aldiz, 100 diputatuk eman zuten aldeko boza (Ganberaren % 88).

"Kataluniaren subiranotasun-adierazpena eta erabakitze eskubidea" deitutako zatian, "katalanek etorkizun politiko kolektiboa erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesua hastea" hitzartu du Parlamentuak.

Testuinguru horretan, besteak beste, honako oinarri hauek aipatu dituzte: "Kataluniak, legezkotasun demokratikoa dela medio, izaera politikoa eta juridikoa du", eta erabakitzeko eskubidea "erabat demokratikoa" izango da.

"Gardentasuna"

"Gardentasuna" deitutako atal batean, Parlamentuak "herritarrek erabakitze-eskubidea erabiltzeko beharrezko informazioa eta ezagutza izateko beharrezko tresnak ematea" onartu du.

Halaber, "Espainiako Estatuarekin, Europako erakundeekin eta nazioarteko komunitatearekin hitz egingo eta negoziatuko" den konpromisoa hartu dute.

"Erabakitze eskubidea sendotzeko legezko esparruak erabiliko dira", irakur daiteke adierazpenean. Bestalde, Parlamentua "katalanak ordezkatzen dituen erakundea da prozesu honetan, eta, ondorioz, mekanismoak eta lan egiteko moduak zehaztu beharko dira, printzipio hori bermatuz", testuaren arabera.

Donostiako Udalak "senyera" jarri du balkoian

Donostiako Udalak (Bildu du buru) "senyera" Kataluniako bandera jarri du balkoi batean, hango Parlamentuak autodeterminazio-prozesua hastea onartu ostean.

Udaletik azaldu dutenez, keinu honekin "Estaturik gabeko herrien erabakitze-eskubidea babestu" nahi izan dute, eta, gaineratu dutenez, aldarrikapen hori "Euskal Herriaren kasuan ere aplikatu beharra dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea