Politika -

Aurrekontuak

Maroto: 'Gasteizko akordioa beste erakundeetara zabaldu daiteke'

Udaleko PPko eta EAJko ordezkariek kromo trukaketa izan dela ukatu dute.

Argazkia: EFE
EAJk eta PPk Gasteizen egindako akordioaren xehetasunak eman dituzte

0:36

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalean aurrekontuen inguruan popularrek eta jeltzaleek lortu duten akordioaren xehetasunak eman dituzte, gaur goizean, Javier Maroto alkateak eta Gorka Urtaran Gasteizko Udaleko bozeramaile jeltzaleak. Kromo trukaketa izan dela ukatu dute, baina akordioak beste erakundeetako aurrekontuen negoziazioetan eragina izan dezakeela onartu dute.

Javier Maroto alkatea eta Gorka Urtaran Gasteizko Udaleko jeltzaleen bozeramailea elkarrekin azaldu dira kazetarien aurrean gaur goizean. Atzo lorturiko akordioari esker, Gasteizko Udalean 2013ko aurrekontuak onartuko dituzte, eta ez dute 2011ko aurrekontuak luzatu beharrik izango.

Bi aldeen esanetan, "oso zaila izan da hain desberdin pentsatzen duten bi alderdien arteko ituna lortzea", baina krisi garaian "herritarren mesedetan" egin beharrekoa dela azpimarratu dute.

Politika egiteko beste modu bat azpimarratu dute, herritarren beharrak kontuan hartuko dituena. Halaber, interes politikoak albo batera uztea eskatu dute.

Gasteizen lorturiko akordioak Arabako eta Bizkaiko Diputazioetan eraginik izan dezakeen galdetu diete kazetariek. Popularraren iritziz, atzo lorturiko akordioak "mugarri" da bi alderdien arteko harremanetan, eta akordioa gainerako erakundeetara zabaltzeko prest agertu da. Gorka Urtaranek jakinarazi duenez, EAJ eta PPren arteko akordioa Arabako hiriburura mugatzen da, eta kromo trukaketa izan dela ukatu du, baina beste erakundeetan akordioak lortzea erraztu dezakeela onartu du.

Aurrekontuaren mamia

340 eta 342 milioi euro bitarteko aurrekontua izango du Gasteizko Udalak, eta, beraz, udal gobernuak 40 milioi euro gutxiago izango du gastatzeko.

Akordioaren mamiari dagokionez, aenplegu publikoa sustatzea, gizarte zerbitzuak mantentzea, eta hiriko azpiegiturak garatzea, hala nola, autobus geltokia edota Salburuako eta Zabalganako zentro zibikoak egitea dira ildo nagusiak. Bestalde, kooperaziorako diru partida laukoiztu egingo da, eta berdintasunari, gazteriari eta euskarari bideratutako partidak errekuperatuko dira. Urtaranek adierazi duenez, enplegua sustatzea eta zerbitzu publikoak mantentzea izan dira jeltzaleen eskari nagusiak negoziazio prozesuan.

Marotoren hitzetan, "aurrekontuak zorrotzak izango dira", eta Udala ez da zorpetuko.

Oraindik ez dute aurrekontuak onartzeko datarik zehaztu, eta laster, Bilduk eta PSE-EEk zuzenketak aurkezteko epea irekiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea