Politika -
Gobernu-bilera
Jaurlaritzak 2013ko Aurrekontuen ildo nagusiak onartuko ditu
Aurtengo Kontuek izango dituzten murrizketak direla eta, lehendakariak "beharrezko zerbitzuak" mantentzeko ardura hartu du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2013. urteko Aurrekontuen proiektua gidatuko duten ildo nagusiak onartuko ditu astearte honetan. Gai horren baitan, Iñigo Urkullu lehendakariak aurrekontuek izango dituzten murrizketen gainetik "beharrezko zerbitzuak" mantentzeko ardura hartuko duela jakinarazi du.
Bost orritako dokumentua osatzen duten ildo horiek Jaurlaritzaren "asmoen adierazpen" bezalako bat dira. Hori dela eta, ez dute zehaztasun handirik izango zifrei dagokienez, Ogasun Sailak adierazi duenez.
Modu horretan, Aurrekontuen Proiektua gidatuko duten ildo nagusiak joan den astean onartu ziren orientazio teknikoei gehituko zaizkie, eta Jaurlaritzak aurre egin beharko dion eszenatoki makroekonomikoa marrazteko balioko dute.
Dokumentu horren onarpena Gobernu Kontseiluak Aurrekontuen Proiektua onartzeko beharrezkotzat duen pausua da. Gainera, Urkulluren gobernuak proiektua onartzeko epea jarri du: gehienez jota martxoaren 12ra arte.
Aurrekontuen murrizketa
Onarpen horren ostean Kontuak Eusko Legebiltzarrera eramango dira, eta, bertan, 75 eserlekutik 27 dituen EAJk beste alderdiekin itunetara heltzeko beharra izango du aurrekontuak onartu nahi baditu.
Iazko kontuekin alderatuta aurtengo Kontuek izango dituzten murrizketak direla eta, -Jaurlaritzak iaz baino 1.400 milioi gutxiago izango lituzke-, lehendakariak euskal gizartearentzako "beharrezkoak diren zerbitzuak" mantentzeko ardura hartu du.