Politika -

Eskupeko soldatak

PSOEk 'Barcenas auzia' salatuko du Justiziaren aurrean

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak iragarri duenez, PPko ustezko eskupeko soldatak eta Amnistia Fiskala ikertzeko eskatuko die epaileei.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Barcenas kasuko ikerketa eskatu du alderdi sozialistak

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak iragarri duenez, Luis Barcenas PPko diruzainak PPko goi-kargudunei ustez emandako eskupeko soldatak ikertzeko eskatuko dio Auzitegi Nazionalari. Halaber, Parlamentuan Amnistia Fiskala "sakonki" ikertzeko batzorde bat sortzeko proposatu du.

Toledon izandako prentsaurreko batean egin ditu Rubalcabak adierazpen hauek. Auzi horren harira sozialistek hartutako erabakiak izan ditu mintzagai, Alderdi Popularrak "azalpenik eskaini ez dituelako".

Halaber, Ruz epailea laguntzeko beste epaile bat jartzeko eskatuko dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, auzi honetan "azkeneraino ikertzeko, egia ezagutzeko eta prozesu arina izateko".

Gainera, amnistia fiskala ikertzeko batzorde bat sortzeko eskatuko dute sozialistek Kongresuan, "Barcenasek Amnistia Fiskala bere onurako erabili duen jakiteko".

Azkenik, Kongresuko Diputazio Iraunkorrean Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen eta Cristobal Montoro Ogasun ministroaren agerraldiak eskatuko dituela iragarri du Rubalcabak, "orain arte eman ez dituzten azalpenak eskaini ahal izateko".

Banku-kontuak Espainian

Bestalde, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak adierazi duenez, "jokaera irregularren aurrean, Rajoy tinko arituko da, eta PPko kideak lasai egoteko, alderdi osoaren kudeaketa eta funtzionamendua berriro aztertu behar badugu, egingo dugu, PPko kontabilitatea argi dagoen arren".

PPko kide guztiek "Espainian dituzte banku-kontuak, eta norbaitek ez baldin baditu, azalpenak eman beharko ditu", azpimarratu du Cospedalek.

"Inork ez ditu Seseñan jazotakoagatik erantzukizunak eskatu", salatu du PPko idazkari nagusiak, "batzuek jakingo dute eraman duten dirua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea