Politika -
EITBren zuzendari orokorra
Ortuzar: 'EITBren zuzendaritzarako EAJren apustua etxeko norbait da'
Ortuzarrek azaldu duenez, "alderdi guztiekin elkarrizketak izango ditugun arren, EITBren datorren zuzendari orokorraren erretratu robota jada egina dugu".
Erredakzioa
EITBren zuzendari orokorra izateko EAJren apustua "etxeko norbait" dela berretsi du Andoni Ortuzarrek Radio Euskadin eta ETBn eginiko elkarrizketetan.
"Jaurlaritzari proposamen bat egitea dagokio, eta segituan egingo dugu", aurreratu du, baina, "ardura Legebiltzarrarena da eta aldeko 38 boto behar dira, hau da, lehendakaria aukeratzeko baino gehiago", azaldu du.
"Dagoeneko badugu profil bat, erretratu robota", esan du. "Alderdi guztiekin elkarrizketak izango ditugu, baina gure apustua etxeko norbaiten aldekoa da".
Auzi honen inguruan oraindik elkarrizketak hasteke dituztela adierazi du, baina "EITB autogobernuaren giltzarrietako bat da eta funtsezko eginkizuna du informazioaren alorrean eta euskararen sustapenean", esan du elkarrizketan, "horregatik, zuzentzeko pertsona egokienak EITB barrutik atera behar dira".