Politika -
Senatari izateko hautagai
EH Bilduk eutsi egin dio Goioagaren hautagaitzari
Koalizio abertzaleak babesa agertu dio, eta Espainiako Gobernuari "akusazio maltzurrak" egitea egotzi dio.
Erredakzioa
EH Bilduk berretsi egin du Iñaki Goioaga senatari autonomiko izateko hautagai gisa, eta "epaitegi politikoak interes ez-zilegiekin erabiltzea" egotzi dio Espainiako Gobernuari.
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak agerraldia egin dute, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Goioagaren aurkako salaketa aurkeztu eta gero. Hain zuzen ere, ETAko kide izatea leporatu dio Ministerio Publikoak.
Presoen abokatua seguru aski hilaren 24an izendatuko dute senatari, EH Bilduk proposatuta.
Mintegiren esanetan, "ez dago inolako arrazoirik" hautagaiz aldatzeko, eta, beraz, eutsi egingo diote Goioagaren hautagaitzari.
Arzuagak kritikatu egin du Espainiako Gobernuak "erasoaldi penala" abiatu izana beren hautagaiaren aurka, akusazio "maltzurrak" eta frogatu gabeak erabilita.