Politika -
Auzitegi Nazionala
Iñaki Goioaga EH Bilduren Senaturako hautagaia salatu du Fiskaltzak
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko kide izatea egotzi dio, eta inputatu gisa epailearen aurrean agertzea eskatu du.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki Goioaga Llano abokatuaren kontrako salaketa jarri du, ETAko kide izatea egotzita, eta inputatu gisa deklaratzera deitzea eskatu dio Javier Gomez Bermudez epaileari. Senatari izateko EH Bilduren hautagaia da Goioaga, eta litekeena da Legebiltzarrak hala izendatzea hilaren 24an.
Union, Progreso y Democracia (UPyD) alderdiaren salaketa jaso ondoren hartu du erabakia fiskalak, eta Jose Miguel Latasa Getaria ETAko kide ohiak 'Arabatik' izeneko blogean Goioagaren inguruan idatzitako hitzak hartu ditu oinarri: ''1994tik gaur egun arte'' Goioagak ''berebiziko papera'' izan zuela ''ETAren eta presoen artean argibideak igortzen''.
Halaber, 'H-Alboka' ''ETAren oinarri juridikoa''ren kontra 2010ean egindako operazioan atzemandako dokumentazioa ere hartu du fiskalak oinarri.
Absolbitu egin zuten
Fiskaltzak onartu egin du ETAko kide izatea egotzi eta 2012an absolbitu egin zutela Goioaga, 2010ean Huelvako kartzelatik ETAko kide bati ihes egiten laguntzea leporatu ondoren.
Edonola ere, Fiskaltzak azaldu du prozedura horretan ez zirela kontuan hartu Latasa Getariaren adierazpena ezta abokatuen kontra irekitako auzian atzemandako dokumentazioa ere.