Politika -

Osoko bilkura

Legebiltzarrak hilaren 24ean aukeratuko ditu Euskadiko hiru senatariak

Bestalde, Legebiltzarreko hemiziklora sartzeko baimena presidenteak ematea proposatu du gaur Tejeriak Bozeramaile Batzordean eta Legebiltzarreko mahaian.

Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez. EITB.
Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez. EITB.
Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak urtarrilaren 24ean aukeratuko ditu Euskadiko hiru senatariak, egun horretan egingo duten osoko bilkuran. Alderdiek hiru hautagai proposatu dituzte dagoeneko: Jokin Bildarratz (EAJren hautagaia), Iñaki Goioaga (EH Bildurena) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE).

Goioagaren hautagaitzak polemika piztu du Legebiltzarrean. ETAko preso batzuen abokatua izan da, eta Auzitegi Nazionalean epaitu egin zuten, nahiz eta, azkenean, aske geratu zen.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak Legebiltzarreko presidenteari Goioagaren izendapena oztopatzeko eskatu zion. Beharrezkoak diren botoak lortzekotan, Goioaga senatari izango dela erantzun zion bere egunean Bakartxo Tejeria presidenteak.

Bestalde, Legebiltzarreko hemiziklora sartzeko baimena presidenteak ematea proposatu du gaur Tejeriak Bozeramaile Batzordean eta Legebiltzarreko mahaian.

Iragan astean, EH Bilduko legebiltzarkideek hemizikloan presoen aldeko manifestazioari babesa emateko bideo bat grabatu zuten.

Tejeriak aurkeztutako proposamenaren arabera, "osoko bilkura deituta ez dagoen egunetan" eta "bisitak kenduta", hemiziklora sartzeko baimena presidenteak eman beharko du aurrerantzean.

EH Bildu proposamen horren aurka agertu da eta hemiziklora sartzeko baimenak Bozeramaileen Batzordean eztabaidatzea proposatu du.

Azkenik, Bozeramaileen Batzordeak hamargarren legealdiko 14 batzordeak sortzea erabaki du gaur goizean. Bihar bertan hasiko dira lanean.

Alderdi ezberdinetako taldeek adostutakoaren arabera, EAJk eta EH Bilduk lau batzorde zuzenduko dituzte, PSEk hiru eta PPk, bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea