Politika -
U12
Dozenaka milaka lagunek espetxe-politika aldatzeko eskatu dute Bilbon
Martxa jendetsuak presoen eskubideak aldarrikatu ditu. "Justizian oinarritutako bakea lortzeko aukera historikoa dugu", esan dute manifestuaren irakurketan.
Erredakzioa
Milaka lagun bildu dira larunbat honetan Bilbon euskal presoen eskubideen alde Herrirak deitutako manifestazioan parte hartzeko. Martxa euripean igaro da, "Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira" lelopean. Antolatzaileen aburuz, 100.000 lagunetik gora egon dire Bilboko kaleetan.
Manifestazioaren buruan presoen senideak izan dira, ekitaldiari babesa eskaini dioten hainbat alderdi politikoen ordezkari eta eragile sozialekin batera, tartean, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidea, Pernando Barrena ezker abertzaleko kidea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Oskar Matute Alternatibako kidea, eta Patxi Zabaleta Aralarreko burua.
Halaber, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako EBko sailburu ohia, Joan Tarda ERCko diputatua, ELA eta LABeko idazkari nagusiak eta ezker abertzaleko beste hainbat kide (tartean, Rufi Etxeberria edo Tasio Erkizia) ere izan dira manifestazioan.
Ibilbidean zehar presoen eskubideen aldeko oihuak entzun dira ("Euskal presoak, Euskal Herrira" eta "presoak kalera, amnistia osoa").
Gauzak horrela, presoen egoera konpontzea nahi duela esan du Laura Mintegi EH Bilduko buruak martxa hasi aurretik, "herria eraikitzeko funtsezkoa delako". "Hainbeste sentsibilitate desberdin biltzen dituen auzia aurkitzea ez da erraza", esan du Mintegik, "bata, hizkuntza da, eta bestea, presoen egoera". Gainontzeko alderdi abertzaleak zentzu berean mintzatu dira.
Gobernuaren 'blokeo jarrera'
Joan Tarda ERCko diputatua ere manifestazioan izan da. Bertan azaldu duenez, "euskal presoen eta adiskidetzea eta giza eskubideak defendatzen dituzten lagunen alde gaude". Halaber, egun Espainiako Gobernuak duen "blokeo jarrera" salatu du.
"Herri guztiek, Kataluniatik hasita, independente izateko eskubidea dute, eta zentzu honetan, Euskal Herriak eskubide bera du", azaldu du, "euskal herriaren sufrimenduarekin bat egiten dugu, zuen sufrimendua gurea ere delako".
Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako eta Frantziako Gobernuak "kontrako norabidean" ari dira, euskal gizartea espetxe-politikan "aldaketa handia" eskatzen ari den bitartean. Etxaidek azpimarratu duenez, larunbat honetako martxak "euskal herritarrek prozesu horren alde egiten dutela erakutsi du". "Hori da gure asmoa, eta mobilizatzen jarraituko dugu", iragarri du.
Manifestua
Bilboko Udaletxean amaitu dute martxa. Orduan manifestua irakurri dute, gaztelaniaz, euskeraz eta frantsesez. Deialdiaren antolatzaileek "dispertsioa amaitzeko" eta gaixo larriak dituzten presoak aske uzteko eskatu diete Frantziako eta Espainiako Gobernuei.
Halaber, presoen espetxealdia luzatzen duen "Parot doktrina" bertan behera uzteko, espetxe-politika "errotik" aldatzeko eta "bake-prozesu bati moldatzeko" eskatu dute.
"Garai berria ari gara Euskal Herrian eraikitzen", esan du Iñaki Olasolo kazetariak gaztelaniaz irakurritako manifestuan, "justizian oinarrituta eta eskubide indibidual eta kolektiboak errespetatuta, bakea lortzeko aukera historikoa dugu egun".