Politika -
Manifestazioa, Bilbon
Arnaldo Otegi: 'Mendeku bakarra gure seme-alaben irribarrea izango da'
Bilboko manifestazioa "palestinarren, kurdoen eta kolonbiarren aldeko elkartasun ekitaldia" ere izango dela esan du Otegik, "behin betiko bakearen aldeko borrokan" ari direlako.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak komunikatu batean adierazi duenez, presoen aldeko Bilboko manifestazioan argi geratuko da "Euskal Herrian izango den mendeku bakarra gure seme-alaben eta biloben irribarrea izango dela".
Otegi Logroñoko kartzelan dago eta Parisen hildako hiru aktibista kurduen auziari ere erreferentzia egin dio, Gazan eta Kolonbian "duela aste batzuk" antzeko gertaerak izan direla azpimarratuta.
"Arerioen erasoa etengabe jasaten ari gara. Euskal Herrian ere konponbidearen alde lan egiten ari direnei eraso egin eta itxaropena kentzen saiatzen ari dira", gaineratu du Otegik.
Halaber, Bilboko manifestazioa "palestinarren, kurdoen eta kolonbiarren aldeko elkartasun ekitaldia" ere izango dela esan du Otegik, "behin betiko bakearen aldeko borrokan" ari direlako.