Politika -

Larunbateko manifestazioa

Ezker abertzaleak salatu du EAJk ez duela ezer egin presoen alde

Barrenak "gezurretan" aritzea eta "PPri politika kriminala aurrera eramaten eta prozesua boikotatzen" uztea leporatu die jeltzaleei.

Pernando Barrena ezker abertzalearen bozeramailea. Argazkia: EITB
Pernando Barrena ezker abertzalearen bozeramailea.
Pernando Barrena ezker abertzalearen bozeramailea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena ezker abertzalearen bozeramaileak "gezurretan" aritzea leporatu dio EAJri, euskal presoen alde lan "diskretua" egiten ari dela esateagatik; izan ere, Barrenaren arabera, EAJ "geldirik" egoteak "PPk politika kriminala aurrera eramatea eta prozesua boikotatzea ahalbidetu du".

Barrenak Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJ "euskal gizarteari gezurra esaten ari zaizkio" PPk kartzela-politika alda dezan lan "diskretua" egiten ari direla esaten dutenean.

Buruzagi abertzalearen arabera, "hori agerikoa da, ETAk borroka armatua uztea erabaki zuenetik ez baita pausorik eman presoen salbuespen egoera desagertzeko".

Gainera, Barrenak gogor kritikatu du EAJk Herrirak euskal presoen eskubideen alde larunbaterako deitu duen manifestazioan ez parte hartzea, "bake prozesuaren agenda politikoan lehentasuna duen gaia" delako.

Testuinguru horretan, "gogoeta" egiteko deia egin dio EAJri, "larunbateko argazkian, gehiengo sozialaren argazkian, agertu nahi duen ala ez erabakitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea