Politika -

EH Bilduko hautagaia

Goioagaren izendapena, Legebiltzarreko lehenengo ika-mika

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak esan du ez duela "bidezkoa" ikusten Iñaki Goioaga abokatua senatari izatea.

Iñaki Goioaga. EITB.
Iñaki Goioaga. EITB.
Goioagaren izendapena, Legebiltzarreko lehenengo polemika

1:20

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beharrezkoa den boto-kopurua lortzekotan, Iñaki Goioaga ETAko presoen abokatua senatari aukeratuko dutela adierazi du gaur Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Goioaga EH Bildu koalizioaren hautagaia da.

Gaur, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak esan du ez duela "bidezkoa" ikusten Iñaki Goioaga abokatua senatari izatea. Horregatik, gutuna igorri dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Goioagaren izendapena eragozteko formula proposatu dio Urquijok Tejeriari.

Iñaki Goioagak ETAko presoak defendatu izan ditu, eta Auzitegi Nazionalean auzipetu zuten; azkenean, baina, aske geratu zen.

Tejeriaren hitzetan, Legebiltzarreko taldeek hautagaiak izendatu behar dituzte, eta, ondoren, Legebiltzarreko Bateraezintasunen Batzordeak erabaki beharko du Goioaga hautagai izan daitekeen.

Izendapen horren aurka erabakirik hartuko duen galdetu diote kazetariek Tejeriari. "Norberak bere betebeharretan hartu behar ditu erabakiak", esan du. "Taldeen erantzukizuna da hautagaiak izendatzea, eta Bateraezintasunen Batzordearena, berriz, bateraezintasunik dagoen aztertzea".

"EH Bilduk Goioaga aukeratu du, eta horren inguruan ez daukat ezer esateko. Beharrezkoa den boto-kopurua lortzen baldin badu, eta baldintza guztiak betetzen baditu, senatari izango da", azaldu du.

 

EH Bilduren erantzuna

Senaturako hautagaiak nortzuk izan behar diren erabakitzeko eskumenik ez daukala erantzun dio gaur Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Carlos Urquijori. Horren ustez, Goioagaren hautagaitza "egokia" da.

Mintegiren hitzetan, EH Bilduk ez ditu erabakiak ''lotu gabe'' hartzen, eta Goioaga proposatzea erabaki aurretik erabaki hori ''neurtu eta kontrastatu'' duela baieztatu du. Hala, EH Bilduk erabaki hori hartu baldin badu, erabaki ''egokiena'' delako izan dela gaineratu du Mintegik.

 

Bildarratz eta Rodriguez, Goioagarekin

Goioagarekin batera, Jokin Bildarratz (EAJren hautagaia) eta Tontxu Rodriguez (PSErena) izendatuko dituzte senatari, urtarrilaren 24an.

Bildarratzek EAJren botoak jasoko ditu, eta Goioagak, EH Bildurenak. Tontxu Rodriguezek, baina, EH Bilduren edo EAJren babesa ere beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea