Politika -
Elkarrizketa
Aurrekontuek 'nahikoa babes' jasoko dutela espero du EAJk
Koldo Mediavilla Erakundeetako Harremanen arduradunaren arabera, aurrekontuak ez onartzea Legebiltzarreko "alderdi politiko guztien porrota" izango litzateke.
Erredakzioa
Koldo Mediavilla EAJren Erakundeetako Harremanen arduradunak EAEko aurrekontuek "nahikoa babes" jasoko dutela espero du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJk "badaki" eta "oso barneratuta" du gutxiengoan dagoela Eusko Legebiltzarrean, baina Mediavillaren esanetan, "ulertezina" izango litzateke "larrialdi ekonomiko egoera honetan beste alderdiek laguntzarik ez ematea".
Aurrekontuak onartzea ezinezkoa gertatzen bada eta babes nahikoa jasotzen ez badute, Mediavillak uste du "alderdi politiko guztien porrota" izango litzatekeela. Hala ere, EAJk "beharrezko ahalegin guztiak" egingo omen ditu babesa lortzeko.
"Ekonomikoki ez zen drama bat izango, aurrekontuak luzatzen badira kredituen kontrolerako neurriekin, aurrekontuen onarpenaren antzeko egoera batean egongo ginateke", gaineratu du Mediavillak.
Anoetako istiluak
Bestalde, Mediavillak Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiaren "lagunei" leporatu die Euskal selekzioaren eta Boliviakoaren arteko futbol partidan, Anoetan, gertatutako istiluen errua.
Mediavillak gogor kritikatu ditu Permachen hitzak, "Urkulluren Polizia" zela eta egindako lana salatu zituelako.
"Polizia ez da Urkullurena, herriarena da. Ez dakit pertsonen segurtasuna arriskua jarri zutenak Permachen beraren lagunak ote ziren. Nik uste dut baietz", erantzun du buruzagi jeltzaleak.
EAJ ez da presoen eskubideen aldeko manifestaziora joango
EAJk ez du "alderdi gisa" Herrirak urtarrilaren 12an Bilbon euskal presoen eskubideen alde deitu duen manifestazioan parte hartuko, nahiz eta "kartzela-politika aldatzeko presioa kalean" egin daitekeela ulertu, bere "bide propioak" dituelako horretarako, Mediavillak azaldu duenez.