Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Urizar: 'EH Bilduk aztertu ostean hartuko du aurrekontuen erabakia'
“Ez dugu kontu publikorik babestuko mahai gainean izan gabe eta guk egin behar dugula uste dugunarekin egiaztatu gabe”, nabarmendu du.
Erredakzioa
Peio Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak eta Eusko Alkartasuneko (EA) presidenteak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontua babestu ala ez hori aztertu ostean erabakiko du koalizioak.
"Ez dugu kontu publikorik babestuko mahai gainean izan gabe eta guk egin behar dugula uste dugunarekin egiaztatu gabe", nabarmendu du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. Halaber, EH Bildu "guztiekin edozein gauzez" hitz egiteko prest dagoela gaineratu du.
Urizarrek azaldu duenez, EAJK "geometria aldakorra" ezarri nahi du legealdi honetan (alderdi batzuen babesa bilatzea, gaia kontuan izanda), eta formula hori erabiliz gero "alderdiko interesetarako" EH Bildurekin "topo egingo" duela azaldu du.
"Akordioa gai zehatzetan bilatzen badu, era kritikoan baloratuko dugu, baina laguntzen saiatuz", azpimarratu du.
Legebiltzarrean EH Bilduk aurten dituen lehentasunezko proiektuei buruz, Urizarrek udal-legearen onarpena aipatu du, horrek Lurralde Historikoen Legea "ukituko" du, azaldu du, eta etxegabetzeen gaiari ere aurre egingo dietela gaineratu du.
Istiluak Anoetan
Larunbatean euskal selekzioaren eta Boliviaren arteko partidan, Anoetan (Donostia), izan ziren istiluei buruz, EAko presidentea harrituta azaldu da, indarkeriazko gertaeretan izan zirenek bengalak zelaian sartu ahal izan zituztelako.
"Akats bat izan da zelaira sartzeko kontroletan, ez dakit Ertzainei ala segurtasun pribatuari zekion", azaldu du. Halaber, istilu mota horiek "ez diete mesederik egiten ez euskal selekzioari ezta kirolari ere", esan du.