Politika -
Gabon zahar gaueko mezua
Lehendakariak 'akordioak' eskatu ditu, 'aurrera egiteko'
Urkulluk "oinarrizko zerbitzuak ziurtatzeko" eta "Nazio bezala hazten jarraitzeko" deia egin du.
D.P.
Iñigo Urkullu lehendakariak akordioak lortzeko beharra azpimarratu du Gabon zahar gaueko mezuan, krisi ekonomikoa gainditzeko helburuz.
Mezua laburra da eta ostiralean grabatu zuen Ajuria Enean. Horretan, lehendakariak hainbatetan aipatu du akordioen garrantzia: "ahalegin honetan denok bat gara; ekonomi eta gizarte arduradunak; langileak; erakundeetako arduradun guztiak; euskal gizarte osoa, alegia".
"Aurkitzen dudan jendeak eskatzen dit saiatu gaitezela denen arteko akordioak lantzen; zailtasunen aurrean gauzak elkarrekin egin ditzagula eskatzen digute [...]. Hauxe izango da nire asmoa eta ahalegina".
"Hauxe izango da gure erantzukizuna: akordioak lortzea", gaineratu du.
Urkulluk ohartarazi duenez, "datozen bi urteetan arazoak izango ditugu: ahaleginak, ajusteak eta langabezia". "Zailtasunez betetako urte bi, baina gainditu egingo ditugu, Euskadi aurrera aterako da politikan eta gizartean akordiorietara iritsita", esan du.
Horren ildotik, Jaurlaritzak "gerrikoa estutu" eta "neurri zehatzak" hartuko dituela aurreratu du.
Bere Gobernuaren lehentasunen artean, Urkulluk "oinarrizko zerbitzuak ziurtatzea", "enplegua sortzea", "bakea eta bizikidetza indartzea" eta "Nazio bezala hazten jarraitzea" aipatu ditu.
AUTOGOBERNUA ETA INDARKERIAREN AMAIERA
Autogobernuaren alorrean, lehendakariak Euskadi "herri txikia, baina saiatua, asmo handiak dituena" dela adierazi du.
"Herri bezala hazi nahi dugu, gure autogobernua sendotu, erabakitzeko ahalmen handiagoa edukitzeko. Presentzia gehiago nahi dugu munduan, eta Euskadiren tokia Europan indartu", azaldu du.
Hori horrela, "akordioa" eskaintzen dutela, baina "errespetua" ere eskatzen dutela agertu du: "Ez dugu inoren inposiziorik onartuko gure politikak garatzeko momentuan".
Indarkeriaren azkenari dagokionez, lehendakariak gogorarazi du "aldi berri bat" hasi dela, "aukera berriz betetakoa, bakea eta bizikidetza lantzeko garaia".
"Elkarrekin lan egiten badugu, leialtasunez eta isilean, lortuko dugu iragana alde batera uztea, lortu egingo dugu gizatasunari dagozkion oinarriak eta balioak berrindartzea, eta lortuko dugu indarkeria eta gorrotoa gure artetik baztertzea. Hori da gure belaunaldiaren erronka nagusi", erantsi du.