Politika -

Bileren balorazioa

EPPK-k 'agente politiko' bilakatzea du helburu

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak euskal alderdi eta sindikatuekin izandako bileren balantzea egin du eta presoekin "harreman iraunkorra" izatearen alde egin dutela nabarmendu du.

EPPKren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
EPPKren prentsaurrekoa.
Presoen kolektiboak dio bake prozesuaren bideragarritasuna jokoan dagoela

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azken hilabeteetan alderdi politikoekin (PPrekin eta UPyDrekin izan ezik) izandako bileren balantzea egin du eta ordezkari politikoek espetxeetan dauden presoen ordezkariei bisita egiteko desioa azaldu dute.

EPPKaren 17 ordezkarik bileren berri eman dute Bilbon galderarik egon ez den prentsaurreko batean, eta Garan gaur argitaratutako komunikatua berretsi dute.

Azken hilabeteetan, dagoeneko aske dauden kolektiboko ordezkariak besteak beste EAJrekin, PSE-EErekin, Bildurekin, Aralarrekin, EArekin, ELArekin eta CCOOekin bildu dira. Datozen egunetan, UGTko ordezkariekin bilduko dira eta PPren eta UPyDren erantzunik jaso ez dutela nabarmendu dute.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren helburua "agente politiko" bilakatzea eta bilerak iraunkorrak bihurtzea dela azaldu dute.

Halaber, alderdi eta sindikatuetako bozeramaileek espetxean dauden presoen ordezkariak bisitatzea nahi dute "gure bitartekaritza beharrezkoa izan ez dadin", adierazi dute.

Sakabanaketarekin amaitzeko unea da

Kolektiboaren ustez, sakabanaketarekin amaitzeko eta "pauso erabakigarriak" emateko unea da. "Jokoan dagoena ez da geure egoera, prozesuaren bideragarritasuna baizik", nabarmendu dute.

Euskal Presoen Kolektiboak Gara egunkarian argitaratu du oharra eta "sakabanaketa amaitzearen" lehentasuna azpimarratu dute. "Denak Euskal Herrian biltzeak baldintza berriak" sortuko dituela eta "alde guztientzako aukera berriak" emango dituela gaineratu dute.

"Orain gaude euskal herritarrekin eta agente sozial, politiko eta erakundeekin pauso erabakigarriak emateko garaian", azaldu dute.

"Jokoan dagoena ez da geure egoera hobetzea, prozesuaren bideragarritasuna da jokoan dagoena, arerioak etengabe eta era arduragabean hondoratu nahi du, eta hori ezin dugu onartu", esan dute.

Adierazpenak 2012ko balantzea ere egin du, EPPKren ekimenei, prozesuari eta Espainiako eta Frantziako Gobernuen jarrerei dagokienez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea