Politika -

Mobilizazioak

Dispertsioaren amaiera lortzea da ETAko presoen 'helburu nagusia'

EPPKren zuzendaritzak presoek jarraituko duten estrategia azaldu du espetxeetara bidalitako gutun batean.

Presoek mobilizazioak egingo dituzte. EITB.
Presoek mobilizazioak egingo dituzte. EITB.
Presoek mobilizazioak egingo dituzte. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dispertsioaren amaiera lortzea eta preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea izango dira ETAko presoen "helburu nagusiak". Abenduaren 29an hasiko dituzten mobilizazioen bigarren helburua, terrorismoaren aurkako legedia "ahultzea" izango da. Datorren larunbatean, presoek barau-eguna egingo dute Estatuko espetxe guztietan.

EPPKren zuzendaritzak presoek jarraituko duten estrategia azaldu du espetxeetara bidalitako gutun batean. Guztira 20 presok osatzen dute EPPK-ko zuzendaritza.

Espetxeetara bidalitako ohar horretan azpimarratu dutenez, sakabanaketaren amaiera lortzea "derrigorrezko baldintza" izango dela aurrerapausoak eman ahal izateko. Horrez gain, sakabanaketa politikaren baitan duen erantzukizuna "ixteko" exijitu diote presoek EAJri.

Parot doktrinari buruz, EPPK-k dio presoek "irabazi" egin dutela, Ines del Rio Prada presoaren inguruko epaia gogora ekarriz.

"Euskal presoak Euskal Herrira" lelopean, ETAko presoek barau-eguna egingo dute datorren larunbatean, hilak 29. Horrez gain , urtarrilean Euskal Herriko kartzeletara eramateko eskaerak egingo dituzte espetxeetako arduradunen aurrean.

Eskaera banan-banan egin behar izango dute, baina erabakia "orokorra" izango da.

Frantziako presoen kasuan Mont de Marsango espetxeetara eramateko eskaera aurkeztuko dute, Iparralden ez baitago ETAko presoak batu dezakeen espetxerik. Mont de Marsan Baionatik 100 bat kilometrora dago.

Frantziako Gobernuari presioa egiteko, presoek hainbat ekimen burutuko dituzte urtarrileko azken ostiraletik aurrera. Hilabeteko azken ostiraletan ez dute ezer jango, eta hainbat planto egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea