Politika -
Ustezko xantaia
Cerverak ordenagailuak eta mugikorrak epaileari eman dizkio
Caja Navarrako presidenteari ustezko xantaia egiteagatik auzipetuta dagoen PPko diputatu ohiak azaldu duenez, bera ere “tranpa baten” helburu izan da.
Erredakzioa
Caja Navarrako presidenteari ustezko xantaia egiteagatik auzipetuta dagoen Santiago Cervera PPko diputatu ohiak bere ordenagailuak eta mugikorrak eman ditu Iruñeko 2 zenbakiko instrukzio epaitegian, bertako epaileak haiek eskatu baitzituen posta elektronikoak begiratzeko.
Cervera goizeko 12:00etan joan da epaitegira, eta bi ordu eman ditu bertan, Sergio Gomez bere abokatuarekin batera. Iruñeko Justizia Jauregian zeuden komunikabideei ez diete adierazpenik egin.
Nafarroako politikoak eguerdian zuen hitzordua bere ordenagailu pertsonalak eta gainerako gailu informatikoak entregatzeko, bere mezu elektronikoak ezagutzeko asmoz.
Diputatu ohia abenduaren 9an atxilotu zuten, Iruñeko harresien inguruan, Guardia Zibilak zirrikitu batean amu bezala jarri zuelako, Jose Antonio Asiain CANeko presidenteari xantaia ekonomikoa egin izana argitzeko ikerketaren baitan. Posta elektroniko batean 25.000 euro eskatu zizkioten azken horri.
Kongresuko Mahaiko laugarren idazkaria zen diputatu ohiak agerraldia egin zuen hurrengo egunean, Madrilen, prentsaurrekoan, dimititu egiten zuela iragartzeko eta alderdian baja ematen zuela azaltzeko.
Interneteko blogean, eta, geroago, komunikabideetan, Cerverak esan duenez, bera ere "tranpa baten" helburu izan da, azaroaren 29an beste posta elektroniko bat jaso ostean, Caja Navarrari buruzko dokumentazio garrantzitsua eskaintzen ziona.
Era horretan, gutuna esan zitzaion lekura jasotzera joan zenean informazio horretaz ari zirela uste zuen, eta ez CANeko presidenteari eskatu zioten diru kopuruaz.