Politika -
Barne prozesua
EAJren EBBk Urkulluren ondorengoa aukeratzeko prozesua irekiko du
Jeltzaleen exekutiboak lehenengo bilera egingo du Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu eta EAJren presidentearena utzi ostean.
Erredakzioa
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak lehenengo bilera egingo du gaur Bilbon Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu eta EAJren presidentearena utzi ostean.
EAJren estatutuen arabera, bateraezinak dira lehendakari kargua eta alderdi barruko agintea. Normalean, bateraezintasunak altxatu egiten dira legebiltzarkideen kasuetan, baina inoiz ez lehendakari edo ahaldun nagusi direnean.
Hori dela eta, Urkulluk, lehendakari karguaren zina egin ostean, presidente izateari uzten ziola jakinarazi zion EAJri.
EAJ "ezohiko" egoera batean dago, izan ere, Carlos Garaikoetxea 1980an lehendakari izan zenean soilik gertatu da berdina.
Hori horrela, Iñigo Urkullu EBBren bilerara joango da gaur, baina lehendakari gisa, ez EAJren presidente eta Kontseilu Nazionaleko kide moduan.
Bilera horretan, EAJk Urkulluren ondorengoa hautatzeko prozesua nola gauzatu aztertzen has daiteke.
Prozesua abiatzeko, EBBk Kontseilu Nazionalaren aparteko bilera deituko du, urtea amaitu aurretik ziurrenik, Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko presidente eta Urkulluren ondorengo izateko hautagai nagusiak jakitera eman duenez.
EAJko iturrien arabera, EBBren presidente berria otsaila erdialdean izendatuko dute.