Politika -

Auzibidea

PPk espedientea ireki dio Cerverari ustezko xantaia auzia argitzeko

Errugabetasun-presuntzioa errespetatzea eta dena lehenbailehen argitzea eskatu du Nafarroako PPk. PSOEk azalpenak eskatu ditu, eta, UPyDren ustez, Cerveraren erabakia ''demokratikoa eta ona'' da.

Maria Dolores de Cospedal. EFE
Maria Dolores de Cospedal.
Maria Dolores de Cospedal. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk espedientea ireki dio Santiago Cervera diputatuari ustezko xantaia auziaren inguruko nondik norakoak argitzeko. Alderdian "hasiera batean sorpresa izan da nagusi", Cospedalen arabera. "Arraroa da oso, eta ikusiko dugu gertatutakoa zein larria den", gaineratu du.

Igande honetan atxilotu zuten Cervera Iruñean xantaia kasu batean nahasita zegoelakoan, baina epailaren aurretik pasatu ostean aske gelditu da. Atzo Juan Carlos Vera alderdiko Antolakuntza idazkariarekin hitz egin zuen eta gaur Alfonso Alonso PPren bozeramaileak deitu dio. Azken honekin bildu eta gero, dimisioa eman du.

Errugabetasun-presuntzioa errespetatzea eskatu du Nafarroako PPk

Enrique Martin de Marcos Nafarroako PPren presidenteak albistea "oso desatsegina" dela esan du, eta "errugabetasun-presuntzioa eskubide konstituzionala" dela gaineratu du. Halaber, "Justiziari lan egiten utzi behar zaio" eta "dena lehenbailehen argitzea espero dut", esan die komunikabideei albistea ezagutu eta gutxira.

Ordu batzuk geroago, ohar bat kaleratu du Martin de Marcosek, eta bertan, Cerverak dimisio hain azkar eman izanak ''duintasun demokratikoa'' erakusten duela esan du. ''Gure sistema politikoan ez da ohiko erabaki bat'', gaineratu du.

Halaber, errugabetasun-presuntzioa errespetatzea eskatu du.

Justiziak auzia argitzea espero du Barcinak

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak ere justiziak lehenbailehen dena argitzea espero duela esan du. "Lehenbailehen argitzea eta bi aldeek azalpen bat ematea espero dut", esan du.

PSOEk azalpenak eskatu ditu

Oscar Lopez PSOEko Antolakuntza idazkariak azalpenak eskatu dizkio Cerverari berari eta bere alderdiari, eta gertutako argitzeko konfiantza agertu du Justiziarengan.

UPyDren ustez Cerveraren erabakia ''demokratikoa eta ona'' da

Carlos Martinez Gorriaran UPyD alderdiak Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, Cerveraren dimisioa erabaki ''demokratikoa, ona eta aipagarria'' izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea