Mundua -
Lau eguneko su-etena
Siriako Armadak lau eguneko su-etena iragarri du
Siriako Armada Askeak (SAA) su-eten “hauskorra” errespetatzearen alde agertu da. Dena den, erregimenaren aurkako manifestazio baketsuak babestuko dituztela iragarri dute.
Erredakzioa
Siriako Armadak “Aid al Adha” jai musulmana ospatzen den bitartean su-eten bat iragarri du. Bihar hasi eta astelehena bitartean Armadak ez ditu erasorik egingo, “dena den, errebeldeen erasoei aurre egiteko eskubidea” daukatela gogorarazi dute.
Siriar telebistan irakurritako komunikatu batean, terroristek –horrela deitzen diete indar errebeldeei- eraso egin, beren posizioak indartu edota armez hornitzen badira, aurre egingo dietela ziurtatu du Armadaren Buruzagi Orokorrak.
Siriako Armadak zibilak eta ondasun publiko zein pribatuak edozein erasotatik babesteko konpromisoa hartu du.
Sakrifizioaren Jaia
“Aldameneko herrialdeek terroristak Sirian sartzea ahalbidetzen badute”, Armadak aurre egingo diela ziurtatu du, “laguntza hori terrorismoaren aurkako borrokaren nazioarteko akordioaren urraketa bat delako”.
Komunikatu horren arabera, su-etena ostiralean hasi eta astelehenera arte mantenduko da, epe horretan Sakrifizioaren Jaia ospatzen baita, musulmandarren arteko jairik garrantzitsuena.
Armada Askea, ados
Siriako Armada Askeak (SAA) su-eten “hauskorra” errespetatzearen alde agertu da. Dena den, erregimenaren aurkako manifestazio baketsuak babestuko dituztela iragarri du Malek Kurdi errebeldeen miliziako bigarren buruzagiak.
“Erregimenaren baldintzak guk ditugunen antzekoak dira”, esan du Kurdik. Dena den, su-etenaren konplimendua ikuskatzeko nazioarteko ikuskaritzarik ez egotea kritikatu du.