Mundua -

Venezuelako hauteskundeak

Chavezek eta Caprilesek telefonoz hitz egin dute, hauteskundeen ostean

Aurrekaririk gabeko keinua da, zatiketa politikoa oso handia baita herrialde horretan.

Chavez, hauteskundeen garaile

01:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak eta Henrique Capriles oposizioko buruak telefonoz hitz egin dute igandeko hauteskundeen ostean. Aurrekaririk gabeko keinua da herrialde horretan, zatiketa politikoa oso handia baita.

"Sinetsi: solasaldi atsegina izan dut Henrique Caprilesekin, telefonoz. Batasun nazionalerako deia egin nahi dut, gure ezberdintasunak errespetatuta", adierazi du Chavezek, Twitterren.

Ondoren, Caprilesek ere baieztatu du agintariarekin hitz egin izana: "Chavez presidenteak deitu egin dit. 6.500.000 herritarren partetik, batasunerako deia egin, eta denak errespetatzea eskatu diot".

Igandeko hauteskundeetan, Chavezek botoen % 55 eskuratu zituen, eta, Caprilesek, % 44. Parte-hartzea historikoa izan zen, % 80koa.

Oposizioburuak aitortu egin du Chavezen garaipena, eta "denontzat" gobernatzea eskatu dio.

Oposizioak ukatu egin du iruzurra

Bestalde, Caprilesen alderdiaren esanetan, ez dago hauteskunde iruzur zantzurik.

Ramon Guillermo Aveledo Batasun Demokratikoaren Mahaia alderdiko idazkari nagusiak azaldu duentez, aktak eskatu dituzte, emaitzak egiaztatzeko, baina ez dute iruzur zantzurik atzeman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea