Mundua -
NBE-ren arabera
2,5 milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar dute Sirian
NBEk ohartarazi du premiazko laguntza humanitarioak mugak dituela, segurtasun ezaren ondorioz.
Erredakzioa
Valerie Amos Gai Humanitarioetarako NBEk duen idazkariorde nagusiak azaldu du 2,5 milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar dutela Sirian. Herrialdea gerra zibil batean murgildu zen duela 17 hilabete, matxinoek Bashar Al Assad diktadorea eroriarazi nahi dutelako.
"Milioi bat pertsona inguru miseriaren atarian bizi dira, eta baliteke beste milioi batek premiazko beharrizan humanitarioak edukitzea", esan du, Damascon, kazetarien aurrean.
"Martxoan kalkulatu genuen milioi bat pertsonak behar izango zutela laguntza. Orain, bi milioi pertsonak behar dute, eta gu lanean ari gara gure [laguntza eta finantziazio] plana hobetzeko", gaineratu du.
Aste honetan, Amos Siriako lehen ministroarekin eta beste hainbat goi-kargudunekin batzartu da, eta zibilak babesteko helburan ahalegin handiagoak egiteko dei egin die.
Halaber, NBEko funtzionarioak etxetik alde egin behar izan duten hainbat familiarekin bildu da, eta azpimarratu du haien "osasun zerbitzu, elikagai, ur eta etxe beharrak handitzen" ari direla.
Horren esanetan, NBE eta beste hainbat erakunde bertan abiatzen ari diren misio humanitarioak mugatuta daude, segurtasun eta finantziazio ezaren ondorioz.