Mundua -
Gatazka Sirian
Gerra-krimenak egitea leporatu die NBEk Al Assadi eta errebeldeei
Gainera, asteazken goizean leherketa handi bat gertatu da Nazio Batuetako behatzaileak ostatu hartzen duten hotelaren eta gune militar baten inguruan.
Erredakzioa
Siriar Gobernuaren indarrek eta erregimenaren aurka borrokan dauden errebeldeek gerra-krimenak egin dituztela salatu du Nazio Batuen aditu talde batek asteazken honetan. Hamazazpi hilabetez dirauen gatazka horretan bi aldeek duten erantzunkizuna azpimarratu du batzordeak, baina errebeldeek aurrera eramandako ekintzek ez dute Bashar al Assadek egindakoen "larritasun ezta frekuentzia berbera", adituen arabera.
Bi aldeek, Gobernuak eta matxinoek, giza eskubideak urratu dituzte azken 17 hilabeteetan herrialde horretan gertatzen diren erasoetan, batez ere Damasco eta Alepon
Bonbardaketa Azazen
Dozenaka pertsona hil dira Azaz herrian siriar erregimenak egindako aire erasoetan, baita errebeldeek bahituta zituzten hamaika libiar.
Hazem al Azizi Alepo probintzian lanean dabilen aktibista batek dioenez, hildakoen kopurua 40 pertsonara arte igo da, eta Giza Eskubideen Siriar Behatokiak 20-30 pertsona inguruko kopurua eman deu ezagutzera.
NBEko begiraleak
Eztanda handia jazo da asteazken honetan Damaskon (Siria), zentro militar batetik eta Nazio Batuen Erakundeko begiraleak dauden hotel batetik gertu, BBC Erresuma Batuko telebista kateak jakinarazi duenez.
Siria Estatuko telebista kateak adierazi duenez, bost lagun zauritu dira. Gertaera jazo da "Dama Rose" hotelaren atzean kokatutako lehergailu batek eztanda egin duenean. Lekuko batek nabarmendu duenez, hodei beltz bat ikusgai da Siriako hiriburuan.
Siriako hainbat komunikabidek azaldu duenez, zenbait anbulantzia bertan dira zaurituak artatzen. BBCren arabera, zonaldea inguratu dute eta segurtasuna bermatzeko agente anitz dira bertan. Sua itzali ostean, normaltasunera itzuli da Abu Rumaneh luxuzko kalea.