Mundua -
Indarkeria Sirian
Siriako erregimeneko goi-kargudun batzuk hil dira Damaskoko atentatuan
Siriako segurtasunaren arduradun asko, besteak beste, Defentsa ministroa eta presidentearen laguntzaileetako bat, hil dira Damaskoko hirigunean izandako atentatuaren ondorioz.
Erredakzioa
Siriako segurtasunaren hainbat goi-kargudun, horien artean Defentsa ministroa, hilik suertatu dira asteazken honetan Segurtasun Nazionalaren egoitzaren aurka eginiko atentatuan. Momentu horretan, Bashar al Assaden Gobernuaren ministroen eta segurtasun agentzien arteko batzar bat ari zen burutzen.
Siriar erregimenaren aldekoa den Al Manar Libanoko telebistaren webgunearen arabera, Mohamed Ibrahim al Shaar Barne ministroa, Hisham al Ijtiar Segurtasun Nazionalaren nagusia eta Asef Shaukat Defentsa ministroordea larriki zaurituak izan omen dira.
Atentatua Siriako Ejertzito Askeak (ELS) aldarrikatu du. Internet bidez EFEri eginiko adierazpenetan, Sami Kurdi ELSko ordezkariak azaldu du hainbat politikariren bizkartzainen laguntza izan dutela atentatua aurrera eramateko orduan.
Hasiera batean, talde horrek atentatuaren autoretza ezeztu du, baina bertan zeudenen segurtasuna bermatzeko egin dutela onartu du.
Atentatuaren ondoren, Gobernuko soldaduek 60 pertsona baino gehiago hil dituztela salatu du Siriako oposizioak.
El Asad presidentearen laguntzaileetako bat hil da
Hasan Turkmani Bachar El Asad Siriako presidentearen laguntzaileetako bat eta haren koinatua hil da, zauri larriengatik, Damaskoko Segurtasun Nazionalaren egoitzan izandako atentatuan.
Istiluak Damascon
Damasko errebeldeen eta erregimenaren aldeko ejertzitoaren arteko istiluen laugarren eguna bizitzen ari da. Dagoeneko, istiluak hiriaren erdialdera heldu dira.
Leherketa izan den unean, ministroen eta defentsa agenteen bilera egiten ari ziren. Telebista kate horren arabera, hainbat zauritu ere izan dira.
Defentsa ministro berria
Fahd Yasem al Freich jenerala izendatu dute Defentsa ministro berri eta argi adierazi du Defentsa Ministerioko agintari nagusien kontrako atentatuak ez duela Armada geldiaraziko terroristen kontrako borrokan.
"Ekintza koldar eta kriminal horrek ez gaitu talde kriminal terroristen kontrako borrokatik aldenduko", adierazi du ministroak Siriako telebista ofizialean emandako hitzaldian.
Segurtasun Kontseiluak ostegunean Siriako irtenbideari buruzko botoa emango du
NBEren Segurtasun kontseiluak ostegunera arte atzeratzea erabaki du gaurko aurreikusitako bozketa, Siriako erregimenari zigorrak jartzea eskatzen duen irtenbidearen inguruan. Errusia horren kontra azaldu da.
Bilera motz baten ostean, Segurtasun Kontseiluko kideek kasu egin diote Kofi Annan Siriara bidalitako pertsonari. Bozketa ostegunean, 12:00etan GMT, izango da.
Arabiar Ligak igandean Siriari buruzko bilera garrantzitsua izango du
Arabiar Ligako Kanpo arazoetako ministroek igandean Dohan ezohiko bilera bat egingo dute, Siriako krisiaren inguruan hitz egiteko, Damaskoko segurtasun arduradun asko hil diren atentatuaren ostean.