AEB-ko Hauteskundeak -
AEBetako hauteskundeak
Obama eta Romney, berdinduta
NBC kateak eta The Wall Street Journal egunkariak egin duten inkestaren arabera, Barack Obamak hautesleen % 47ren bermea izango luke, Mitt Romneyk aldiz % 44rena.
Erredakzioa
Barack Obama hautagai demokrata eta Mitt Romney hautagai errepublikanoa berdinduta daude boto-asmoan, NBC kateak eta The Wall Street Journal egunkariak egin duten galdeketaren emaitzak kontuan hartuta. Inkestaren arabera, Barack Obamak hautesleen % 47ren babesa izango luke, eta Romneyk, aldiz, % 44rena. Errore-maila % 3,1ekoa izanik, bi hautagaien arteko berdinketa dago.
Obama presidenteak aldea hartu dio Romneyri hautagaien arteko aldea txikia den estatuetan edo giltzarri diren estatuetan: Wisconsin, Virginia, Pennsylvania, Ohio, Ipar Carolina, Mexiko Berria, New Hampshire, Nevada, Michigan, Iowa, Florida eta Colorado. Estatu horietan, inkestek 8 puntuko aldea eman diote Obamari.
Boto-asmoa aztertuta, Obamak aurrea hartu dio sektore hauetan Romney hautagaiari: afroamerikarrak (% 92 - % 1), emakumeak (% 52 - % 39), 18 eta 29 urte arteko boto-emaileak (% 52 - % 35), latinoak (% 66 - % 26) eta independenteak (% 40 - % 36)
Egoera ekonomikoa dela eta, gizarte estatubatuarrean giroa ezkorra da, eta horrek eragin du herritarrek Obamarengan zuten konfiantza galtzea.
Inkestek herrialdearen zuzendaritzaren inguruan galdetuko balute, Mitt Romney izango litzateke garaile, baina hautagaien ezaugarri pertsonalagoen inguruan galdetuko balute, Obamak lortuko lituzke boto gehien, galdetutakoen % 43k presidentearen inguruan "asko dakitela" esan baitute.
Bost hilabete eskas falta dira AEBetako hauteskundeak izateko, eta, inkesten datuak oinarri hartuta, Etxe Zurira ailegatzeko lehia parekatua izango da.