Mundua -
Hauteskundeen emaitzen ondoren
Greziako erreskatea berriz negoziatzen saiatuko da Demokrazia Berria
Merkelek, aldiz, programa malgutzea baztertu du. Demokrazia Berria eta Pasok alderdiko buruek bilera egin dute, eta astearte honetan gobernu berria egongo dela iragarri du Venizelosek.
Erredakzioa
Europar Batasunarekin dituzten akordioak beteko dituzten arren, nazioarteko laguntza eskuratu ahal izateko Greziak onartu zituen murrizketa planak berriz negoziatu nahi dituztela iragarri du Antonis Samarasek, Greziako hauteskundeak irabazi berri dituen Demokrazia Berria alderdiko buruak.
"Atzo esan nuen Greziak hitza beteko duela. Baina, aldi berean, erreskate plana berriz negoziatu nahi dugu'', esan du Samarasek Atenasen egin duen prentsaurrekoan. Horretarako, ''ahalik eta alderdi politiko gehien bilduko dituen salbazio gobernua'' osatzea beharrezkoa dela uste du Demokrazia Berria alderdiko buruak.
Merkel, malgutasunaren kontra
Grezian hazkundea sustatzeko laguntza berriak martxan jartzeko aukera mahai gainean jarri du Merkelek, baina erabat baztertu du erreskatea dela-eta Grezian ezarritako murrizketen programan malgutasunik ezartzea. Gobernu berriak aurreko agintariek hartutako ''konpromisoei'' eutsi beharko diela esan du Merkelek.Greziako hauteskundeetako emaitzek Alemaniako gobernu koalizioan piztu dituzten iritzi kontrajarrien ondoren egin ditu adierazpenok. Izan ere, Greziari ezarritakomurrizketa eta erreforma programa malgutzea komenigarria den ala ez eztabaidatzen aritu omen dira bertan.
Greziak murrizketa neurri horiek ezarri bezala bete behar dituela defendatu du orain arte Berlinek (zatiketarik gabe), eta ideia horren alde egin du gaur bertan Alemaniako gobernuko bozeramaileordeak: ''Gobernu berria, konpromiso zaharrekin'', esan du.
Bestalde, Guido Westerwelle Kanpo Arazoetarako ministroak Greziari denbora gehiago ematearen alde egin zuen atzo bertan, Bruselatik azken orduetan iritsi diren espekulazioekin bat eginez.
Gobernu berria, ate-joka
Astelehen honetan egin ditu Samarasek gobernua osatzeko lehen bilerak. Alexis Tsipras Syriza alderdiko ordezkariarekin bildu da lehenik, baina ez dute akordiorik lortu. Ezkerreko alderdiak ez du onartu gobernu berrian sartzea, baina murrizketa neurriak berriz negoziatzen baldin badituzte, Demokrazia Berria alderdiarekin ''harremanetan etengabe'' egoteko asmoa duela iragarri du.
Ondoren, Pasok alderdiko ordezkariarekin elkartu da Samaras, eta, bilera horren ondoren, astearte honetan bertan gobernu berria egongo dela iragarri du Evangelos Venizelos Pasok alderdiko buruak. Hirugarren geratu dira azken hauek joan den igandeko hauteskundeetan.