Mundua -
Erreakzioak
Hollande: 'Aldaketa nahi dutenen hautagaia naiz'
Sarkozyk adierazi du ulertu egiten dituela frantziarren "beldurrak", baina ziur agertu da bigarren itzuliko garaipenarekin.
Erredakzioa
Françoise Hollande sozialista eta lehen itzuliko garaileak "aldaketa nahi dutenen" hautagai gisa aurkeztu du bere burua, eta Frantziako mugetatik at berari begira daudela onartu du.
Hollanderen ustez, lortutako garaipena "bost urteko legealdiari emandako zigorra" izan da eta "egoera aldatu eta baliabide guztiak martxan jarriko den egoera berria nahi dutenen" hautagaia dela esan du, batez ere gazteei zuzenduta.
Sarkozy: 'Irabazi egingo dugu'
Nicolas Sarkozy presidenteak, aldiz, herkideen "beldurrak" ulertzen dituela esan du eta bigarren itzulian babesa eskatu die.
"Eskerrik asko aurreikuspenei aurre egiteagatik, etortzeagatik, Frantzia maitatzeagatik. Dena hasi egin da. Irabazi egingo dugu", esan du Sarkozyk porrotaren ostean jarraitzaileei esandako lehen hitzetan.
Le Pen: "Bataila hasi baino ez da egin"
Marine Le Pen ultraeskuindarra pozez gainezka agertu da bere alderdiak, Fronte Nazionalak, lehen itzulian hirugarren postua lortuta. Le Penen hitzetan, "Frantziako bataila hasi baino ez da egin, lagun maiteok".
Bankuen eta finantzen bi alderdien monopolioa lehertu dugu (...) Ideia nazioanalak inoiz baino gorago eraman ditugu, baina hau hasiera baino ez da" esan du Frente Nazionaleko liderrak, hauteskunde-gauan egindako lehen agerraldian.
Mélenchon, Sarkozyren kontra
Jean-Luc Mélenchon Ezkerreko Frentearen hautagaiak esan du bere alderdiak "azken emaitzen giltza" duela eta bere hautesleei maiatzaren 6ko bigarren itzulian Sarkozyren aurka bozkatzeko eskatu die. Bere alderdiak laugarren postua lortu du lehen itzulian.
Zehaz-mehatz, Mélenchonek maiatzaren 1ean "sindikatuen atzean, langileekin batera, borrokara joateko" eskatu die bere jarraitzaileei, eta borroka hori maiatzaren 6an "Sarkozy gailentzeko" egin dezatela ere gaineratu die.