Mundua -
Laguntza humanitarioa
Sirian egunean bi orduko su-etena egitea eskatu du Errusiak
Gurutze Gorriarekin batera egin du eskaera. Borrokak hirietan isolatuta utzi dituen emakumeei eta haurrei laguntza eskaintzea da helburua.
Erredakzioa
Errusiak eta Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak Sirian egunean bi orduko su-etena egitea eskatu diete Bachar al Asaden erregimenari eta Siriako oposizioari, bertako herritarrei laguntza humanitarioa eskaini ahal izateko.
Bereziki borroka gordinen ondorioz hirietan isolatuta geratu diren emakumeei eta haurrei laguntza eskaintzea izango lukete su-etenek helburu.
"Zenbait tokitan hilabeteko etengabeko sufrimendua pairatzen dute herritarrek, bereziki emakumeek eta haurrek'', adierazi du ohar batean Gurutze Gorriak. ''Egoera oso larria da, eta okerrera egin dezake'', ohartarazi dute.