Mundua -
Hiru eztanda izan dira
Gutxienez 27 hildako izan dira Sirian hiru atentaturen ostean
Lehergailuak zeramatzaten bi ibilgailuk Siriako aire Armadako Inteligentzia egoitzaren eta polizia-etxe baten aurrean egin dute eztanda. Halaber, 140 lagun zauritu dira.
Erredakzioa
Zibil eta polizia ugari hil dira larunbat honetan Damaskoko auzo batean izandako hiru atentatuen ondorioz. Dirudienez, lehergailuak zeramatzaten bi ibilgailuk eztanda egin dute eta Siriako aire Armadako Inteligentzia egoitza batek eta polizia-etxe batek kalte handiak jasan dituzte.
Biktimen artean zibilak eta segurtasun kideak daude, Siriako telebista kate batek jakinarazi duenez. Halaber, atentatuen ostean bertako gorpu erretak eta kalte handiak ikusgai diren irudiak zabaldu dituzte. Osasun Ministerioak zabaldu duenez, gutxienez, 27 lagun hil eta beste 140 zauritu dira. Gainera, hiru eztandek ke zutabe handiak eragin dute.
Lehenengo erasoa aire Armadako Inteligentziaren aurka izan da eta bigarren eztanda, ordea, 07:40ak inguru jazo da (05:40ak GMT), Segurtasun Kriminalaren egoitzan, alegia.
"Nire familia onik dago baina nire etxeko leihoak guztiz apurtuta geratu dira. Eztanda ikaragarria izan da", esan du Tahrir plazatik hurbil bizi den emakume batek.
Pasa den urteko martxoan Bachar al Asad Siriako presidentearen aurkako matxinada piztu zenetik Damaskon jazo den sarraski handiena da gaurkoa. Joan den abenduan beste 40 lagun hil ziren Segurtasun Zentralaren egoitzaren kontra bi ibilgailuk eztanda eginda. Agintariek Al Kaidarekin lotu zituzten atentatu hauek.