Mundua -

Iraultza demokratikoa Sirian

Bashar al Assad eta bere emaztearen mezu elektronikoak, argitara

'The Guardian' egunkariak 3.000 mezu elektroniko argitaratu dute, eta horiek erakusten dute Al Assad familiak "luxuzko bizimodua" dutela oraindik ere.

Bashar Al Assad Siriako diktadorea. EFE
Bashar Al Assad Siriako diktadorea. EFE
Bashar Al Assad Siriako diktadorea. EFE

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

The Guardian egunkari britainiarrak Bashar Al Assad Siriako diktadorearen eta Asma haren emaztearen 3.000 mezu elektroniko ezagutarazi ditu, herrialde horretako matxinada demokratikoa hasi zenetik urtebete betetzen den honetan.

Mezuak Iraultzaren Kontseilu Gorenak bildu ditu ekainaren eta otsailaren artean, eta ondoren aipatu kazetari helarazi dizkio.

Beste hainbat konturen artean, mezuek agerian uzten dute Iranek matxinadari aurre egiteko aholkuak eman dizkiola Siriako Erregimenari, eta Al Asad familia "bakartuta" badago ere, "luxuzko bizimodua" duela oraindik.

Adibidez, mezu batzuek azaltzen dute presidentearen emazteak hamarka mila dolar gastatzen dituela Internet bidez erosketak egiten. Besteak beste, diseinuko zutargiak eta mahaiak erosi ditu, Parisko denda batean. Egunkariaren esanetan, Hamid bin Jalifa al Thani Qatarreko emirraren alabak Siriatik alde egiteko gomendatu zien Al Assadi eta haren emazteari, eta Qatarrera bertara joatea eskaini zien.

AEBek ezarritako zigor ekonomikoak saihesteko helburuz, Al Assadek helbide estatubatuar bat erabili zuen, atzerrian erosketak egin ahal izateko.

Gainera, Al Sahba enpresaz baliatu zen (egoitza Dubai dauka, baina Londresen ere bulego bat du), Gobernuaren eta bere familiaren salerosketak egiteko.

Hori horrela, 'sam@alshahba' helbide elektronikoa erabili zuen, bere helbide pertsonala izango balitz bezala.

Horrela lortu zituen mezuak 'The Guardian' egunkariak

'The Guardian' egunkariari mezuak helarazi dizkioten ekintzaileek azaldu dutenez, Al Assaden gertukoa zen infiltratu bati esker eskuratu ahal izan zituzten. Hain zuzen ere, diktadoreak erabiltzen zuen helbidearen pasahitza lortu zuen.

Ondorioz, matxinoek Al Assaden helbidea espiatu ahal izan zuten, 2011ko ekainetik 2012ko otsailaren 7 arte.

Iraultzaileek Damaskon dauden matxinoak hainbat operazioz ohartarazteko ere erabili zuten jasotako informazioa.

'The Guardian'en esanetan, mezu elektronikoak egiaztatzen ahalegindu dira, eta mezuotan agertzen diren 10 pertsonarekin harremanetan jarri dira.

Egunkariak egiazkotzat jo ditu, baina aitortu egin du mezu batzuen kasuan ezin izan dituztela baieztatu.

Urtebete demokraziaren bila

Hain justu, gaur urtebete betetzen da Siriako iraultza demokratikoa hasi zenetik.

1963tik larrialdi lege bati makurtuta bizi eta gero, siriarrak esnatu egin ziren Erregimenaren aurka, askatasun faltak eta udaberri arabiarraren eraginek bultzatuta.

Libian ez bezala, nazioarteak ez du operaziorik abiatu Sirian, jazarpenak 8.500 pertsona hil baditu ere. Errusiak eta Txinak galarazi dute hori, NBEko Segurtasun Kontseiluan betoa jarriz.

Siriatik, Erregimenak baimendutako irudiak baino ez dira heltzen eta, beraz, Bassaden aldeko manifestazioak baino ez dituzte ezagutarazten. Hedabide independenteek ezin dute egiaztatu gertatzen ari dena, zentsuraren ondorioz, eta hori dela eta, matxinoek Internetera jo dute, jazarpenaren basakeriak erakusteko.

Duela hilabete, Siriako Armadak setioa abiatu zuen Homs herrian, eta hainbatetan bonbardatu du, heriotza ugari eraginda, tartan zortzi kazetarirena.

Bonbardaketei biziraun dieten kazetariak ebakuatu egin behar izan dituzte, matxinoek lagunduta, zineman baino ez diren ikusten operazio arriskutsuak abiatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea