Mundua -
Analisia
Armada siriarra gailentzen ari da
Gobernuaren armada bere nagusitasuna erakusten ari da, gaizki armatuta dauden errebeldeen aurka. Oposizioak gainera ez du batasun politikorik lortu eta hori kalte egiten ari zaio.
Jesus Torquemada
Duela urtebete hasi zen Siriako altxamendua Deraan, herrialdearen hegoaldean, eta urtebete pasa ondoren Deraa hirian bertan amaitu liteke.Hilabeteko setioaren ondoren Homs hiria bereganatu dute eta egun batzuetako borrokaren ostean baita Idlib hiria ere, orain berriz, Siriako armada Deraa berenaganatu nahian dabil, oposizioaren esku dagoen azken gotorlekua.
Denbora gutxian asko aldatu da egoera militarra frontean. Duela pare bat aste, Homsen altxamendua hasi zutenek eutsi egiten zioten oraindik ere militarren jazarpenari, borrokak luze iraungo zuela eta gerra zibila piztuko zela zirudien. Baina Gobernuaren armada bere nagusitasuna erakusten ari da, gaizki armatuta dauden errebeldeen aurka. Oposizioak gainera ez du batasun politikorik lortu eta hori kalte egiten ari zaio.
Siriako Kontseilu Nazionala da bere erakunde nagusia, baina ez du oposizio guztia hartzen, eta beraz, ez du nazioartearen aitorpena lortu. Egoera dagoen moduan, badirudi Basahar Al Assad presidentea azkenean berearekin aterako dela eta, boterean jarraitzea lortuko duela agindu zituen erreforma demokratikoetatik bakar bat ere egin gabe.