Mundua -
Nazioarteko analisia
Sirian eskuhartzearekin bueltaka
Zenbait herrialde arabiar atzerriko eskuhartzearen alde daude, Bachar Al Asad presidentea botatzeko, eta jada hasi dira beren kabuz, Siriako Ejertzito askea hornitzen.
Erredakzioa
Sirian esku hartu bai edo ez. Hasi da jada, eztabaida arriskutsu hori. Zenbait herrialde arabiar atzerriko eskuhartzearen alde daude, Bachar Al Asad presidentea botatzeko, eta jada hasi dira beren kabuz, Siriako Ejertzito askea hornitzen. Talde hori, Assaden kontra borrokan ari den talde klandestinoa da.
Europak, ordea, ez du Sirian abentura militar batean sartu nahi, badaki eta oso arriskutsua dela, eta nahiago du pentsatu, isun ekonomikoek Assad errepresioa arintzera bultzatuko dutela.
Ameriketako Estatu Batuek ere ez dute saltsa horretan sartu nahi, Iraneko eta Afganistaneko esperientzien ostean. Errusia eta Txina berriz, esku hartze militarraren aurka egoteaz gain, isunen kontra ere azaldu dira.
Ez dago zalantzarik Siriako gobernua giza eskubideen urraketa handiak ari dela egiten. Homseko inguru batzuk Sarajevo edota Beiruteko egunik okerrenak ekartzen dituzte gogora. Maila horretaraino iritsi da Siriako ejertzitoak eragindako txikizioa.
Alegia, atzerriko indarrek esku hartzeko arrazoiak badaude, baina esku hartze hori oso arriskutsua izango litzateke, eta arazoa larriagotu lezake, Ekialde Erdiko herrialde guztiek parte hartuko luketen gerra bat sortuz. Horregatik bi aldiz pentsatu behar da zer egin.