Mundua -

Soslaiak

Eliseorako hautagaiak

Orotara hamar hautagai lehiatuko dira Frantziako Presidentziarako hauteskundeetan. Lehen itzulia apirilaren 22an egingo dute.

Nicolas Sarkozy, François Hollande, Marine Le Pen eta François Bayrou
Nicolas Sarkozy, François Hollande, Marine Le Pen eta François Bayrou
Nicolas Sarkozy, François Hollande, Marine Le Pen eta François Bayrou

D. Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy

Errepublikako 23. presidente eta UMP alderdi kontserbadorearen hautagaiak berriz ere izan nahi du estatuburu, baina inkestak aurka ditu, lehen agintaldia krisi ekonomikoak eta ustelkeria salaketek baldintzatuta egon baita.

Sarkozyren ospea oso txikia da gaur egun, hauteskunde-kanpainan gora egin eta aurkari nagusiari, François Hollande sozialistari, gerturatzea lortu badu ere.

Azken urteetan, neurri polemikoak onartu ditu, ijitoen kanporatze masiboak, kasu. Erreforma ekonomikoek, gainera, ez dute krisitik ateratzen lagundu: Frantzian duela bost urte baino milioi bat langabe gehiago daude, defizit publikoa % 7koa da eta Standard & Poor's agentzia 'A hirukoitza' kendu berri dio.

Horri guztiari ustezko ustelkeria auziak gehitu behar zaizkio. Besteak beste, Versallesko jauregia zaharberritzeko langile irregularrak kontratatzea, 2007ko kanpainarako L'Oreal-eko oinordekoaren partetik legez kanpoko finantziazioa jasotzea (Bettencourt auzia deritzona) eta Pakistani itsaspekoak saltzeko operazio batean funts publikoak bidegabe erabiltzea egotzi diote.

Askotan, gainera, ez du jokaera zuzena erakutsi jendaurrean. 2007an, "ergela" deitu zion dibortzio zurrumurrien harira galdera bat egin zion kazetari bati, eta 2008an berdin egin zuen ekitaldi batean agurtu nahi ez zuen herritar batekin.

Eta ez da ahaztu behar 'prentsa arrosa'n ere maiz agertzen dela, Frantziako presidente izanda dibortziatu egin baitzen Carla Bruni modelo eta abeslariarekin ezkontzeko.

François Hollande

François Hollande ezustean bihurtu zen Alderdi Sozialistaren hautagai. Historiak beste protagonista bat espero zuen, Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendaria baitzen faborito Sarkozy erorarazteko, baina hura atxilotu egin zuten, New Yorkeko hotel langile bat bortxatzen saiatzea egotzita, eta bat-batean, Hollanderi Eliseorako ateak zabaldu zitzaizkion.

Hautagai sozialista garaile jotzen dute inkesta gehienek. Herritarren % 76k uste dute Hollande Sarkozy baino "atseginagoa" dela, eta % 68ren ustez, egungo estatuburuak baino hobeto ulertzen ditu frantziarren eguneroko arazoak. Dena dela, % 72k uste dute Sarkozyk erabakiak hartzeko ahalmen handiagoa duela.

Hauteskunde kanpainan, Hollandek soslai ezkertiarrena erakutsi du, eta herritarren gustokoak diren neurriak proposatu ditu, hala nola aberatsen zergak % 75era igotzea. Halaber, ezkontza homosexualen eta zelula amekin ikertzearen alde agertu da.

Dena alde badu ere, herritarrek krisi garaian estatuburua aldatzeari beldu izatea eta Sarkozyren soslai borrokalaria eta nekaezina oztopo izan litezke.

Marine Le Pen

Bi hautagai nagusien atzean Marine Le Pen Fronte Nazional xenofoboaren presidentea agertzen da inkestetan.

Hollandek eta Sarkozyk 10 puntuko aldea ateratzen badiote ere, sozialistek eta kontserbadoreek ez diote begirik kentzen. Izan ere, ez dute ahazten 2002ko hauteskundeetan haren aita, Jean-Marie Le Pen, bigarren itzulira iritsi zela.

Marine Le Penek aitaren lekukoa hartu zuen iazko urtarrilean, Fronte Nazionaleko buruzagi nagusi bihurtuta. Harrezkero, alderdiak gora egin du inkestetan, eta askok uste dute UMPri gailenduko zaiola, hots, aurten ere bigarren itzulian sartzeko aukerak dituela.

Le Pen Europar Batasunaren eta immigrazioaren aurkakoa da, eta lanpostuak banatzeko orduan, frantziarrak lehenestea nahi du. Herri-galdeketen bidez gobernatzea eta muga-zergak handitzea ere proposatu du.

François Bayrou

MoDemn zentroko alderdiaren hautagaiak ezustekoa eman zuen 2007ko hauteskundeetan, lehen itzulian botoen % 18,5 eskuratuta, eta oraingoan ere haren boto-emaileak giltzarri izan litezke bigarren itzulian. Inkesten arabera, botoen % 12-14 lortuko ditu.

Beste hautagaiak

Hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko bermeak lortu dituzten gainerako hautagaiak hauek dira: Eva Joly ekologista, Natalie Artaud muturreko ezkertiarra, Jean-Luc Melenchon ezkertierra, Nicolas Dupont-Aignan subiranista, Philippe Poutou trotskista eta Jacques Cheminade gaullista ezkertiarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea