Mundua -
Presidenteak baieztatu du
Hugo Chavezi beste ebakuntza bat egingo diote
Tumorea kendu zioten toki berean ''lesio'' bat aurkitu dute. Venezuelako presidenteak ezeztatu egin du metastasia duenik eta hil zorian dagoenik.
Erredakzioa
Beste ebakuntza bat egin behar diotela iragarri du Hugo Chavez Venezuelako presidenteak. Joan den uztailean tumore bat kendu zioten, eta, toki horretan bertan, ''lesio'' bat aurkitu diote orain. Hori dela-eta, berriz kirofanora joan beharko da.
"Ez dut metastasirik, eta ez nago hil zorian'', esan du Venezuelako presidenteak telebistan egin duen bi orduko agerraldian.
Habanan (Kuban) egin diote azterketa, eta aurretik tumorea kendu zioten toki berean ''lesio txikia'' aurkitu dute. ''Bi zentimetroko diamentroa du, eta ikusten erraza da'', azaldu du presidenteak.
''Printzipioz ez da izango aurreko ebakuntza bezain konplikatua'', gaineratu du. ''Sasoi onean nago bataila berriari ekiteko'', esan du 57 urteko presidenteak.