Mundua -
Iruzkina
Txina eta Errusia, Siriako pelikularen pertsonaia gaiztoak
Errusiak eta Txinak beto eskubidea erabili dute Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan eta Bashar El Assad Siriako presidentearen kontrako ebazpena eragotzi dute.
Jesus Torquemada
Errusiak eta Txinak beto eskubidea erabili dute Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan eta Bashar El Assad Siriako presidentearen kontrako ebazpena eragotzi dute.
Errusiak hainbat arrazoi ditu jokabide hori izateko: arrazoi ekonomikoak, politikoak eta estrategikoak. Tartuseko itsas-basea erabiltzen uzten dio Siriak Errusiari, eta gainera, armak erosten dizkio; sinatu duten azken kontratua bi mila milioi euro ingurukoa da. Ekialde Hurbilean Errusiari geratzen zaion aliatu bakarra da Siria eta bertan egon nahi du Moskuk.
Baina horrez gainera, hilabete barru presidentea aukeratzeko hauteskundeak izango dituzte Errusian; hauteskunde horietan parte hartuko du Vladimir Putin egungo lehen ministroak. Eta hauteskunde kanpainan bete-betean dauden honetan, AEBei aurre egin eta indartsu azaltzea komeni zaio Putini.
Txinak ere baditu bere arrazoiak ebazpenari betoa jartzeko: arrazoi politikoak, ekonomikoak baino gehiago. Herrialde baten barruko gaiak direnean, esku-hartzearen kontra dago beti Txina. Gainera, mundu arabiarrean beste iraultzaren batek irabazterik ez du nahi. "Udaberri arabiarra"k oso urduri jarri ditu txinatarrak. Interneteko kontrola gogortu egin dute, internetek eragin handia izan baitzuen Arabiako iraultzen hasieran.