Mundua -
Homs hirian
Armadako bonbardaketa batek 337 hildako eragin ditu Sirian
Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiaren zuzendariaren arabera, bonbardaketa oraindik ez da amaitu. Hildako gehienak Homs hiriko Jaldiya barrutian izan dira.
Erredakzioa
Gutxienez 337 lagun hil eta beste 1.300 lagun zauritu dira Siriako Homs hirian Armadak egindako bonbardaketa baten ondorioz, Al Arabiya kate arabiarreko berriemaileak jakitera eman duenez. Hildako gehienak Homs hiriko Jaldiya barrutian izan dira, Siriako Iraultzarako Batzorde Nagusiaren arabera.
Tokiko Koordinaziorako Batzordeetako iturriek jakinarazi dutenez, Armadako tankeak obusak ari dira botatzen eta metrailadoreekin tiroka egiten ari dira.
Rami Abdulrahman Erresuma Batuan dagoen Giza Eskubideen Siriako Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, bonbardaketaren lekuan dauden lekukoek salatu dute erasoa oraindik amaitu ez dela. Hala ere, azken informazio hau ezin izan dute baieztatu Siriako Gobernuak atzerriko kazetariei jarritako oztopoak direla eta.
Azken sarraski honengatik protestatzeko ehunka lagun bildu dira azken orduetan Washingtonen (AEB), Kuwait Hirian, Londresen eta Madrilen dauden Siriako Enbaxaden aurrean.
Bestalde, SANA Gobernuko albiste-agentzia ofizialak ohar baten bidez zabaldu duenez, erasoa "terrorista armatuek" burutu dute. "Estambuleko Batzordearen menpean dauden talde armatuen ekintzak izan dira", adierazi du.
Moskuri mehatxua
Malik Kurdi Siriako Armada Askeko bigarren arduradunak mehatxu bat bota dio Errusiari. "Moskuk Bachar al Asad presidenteari babesa erakusten jarraitzen baldin badu, Sirian dauden Errusiako interesak gure operazioen helburu bihurtuko dira", ohartarazi du Kurdik.