Mundua -
Protestak Sirian
Saudi Arabiak bere begiraleak Siriatik ateratzea erabaki du
Bestalde, Arabiar Ligako Siriarako kontaktu-taldeak begiraleen misioa hilabetez luzatzea eta aditu nahikoa bidaltzeko eskatu du.
Erredakzioa
Saud al Faisal Saudi Arabiako Kanpo Arazoetarako ministroak iragarri egin du bere herriko begiraleak Siriatik ateratzea erabaki dutela, Damaskoko erregimenak ez dituelako betetzen Arabiar Ligak indarkeriarekin amaitzeko ezarritako neurriak.
Arabiar Ligako herrietako diplomaziaburuek egindako ezohiko bileran, Al Faisalek erabakiaren berri eman du eta Arabiar Ligak agindutakoa errespetatzeko esan du; hau da, Siriako Gobernuari zigorrak jartzea bere konpromisoak betetzeko.
Misioa luzatzea eskatu dute
Bestalde, Arabiar Ligako Siriarako kontaktu-taldeak begiraleen misioa hilabetez luzatzea eta aditu nahikoa bidaltzeko eskatu du. Eskaera hori arabiar diplomaziaburuek onartubehar dute.
Begiraleak abenduaren 22an Siriara iritsi zirenetik 976 zibil hil dira, horietariko 54 adingabeak, erregimenaren errepresioaren ondorioz.
Heriotza gehiago
Igande honetan 13 pertsona hil dira Siriako leku ezberdinetan, Tokiko Koordinaziorako Batzordeak oposizioko taldeak komunikatu batean zabaldutakoaren arabera.
Iturri horri jarraituta, zortzi persona hiriburutik gertu dauden herrietan hil dira, beste bat Homs probintzian, beste bat Haman eta hiru gehiago Idleben. Azken honetan erregimenaren aldeko indarren eta Siriako Armada Librearen arteko borrokak ez dira eten.