Mundua -
CNN telebistaren arabera
Strauss-Kahn bermepean aske utz dezakete gaur
"Hoteleko logela horretan adostutako ezer gertatu ez" zela azpimarratu du Jeffrey Shapiro zerbitzariaren abokatuak.
Erredakzioa
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendaria bermepean aske utz dezakete gaur, osteguna, CNN telebistak jakitera eman duenez.
Politikari frantziarraren defentsa datozen orduetan Manhattango Fiskaltzarekin akordio bat lortzeko lanean ari da, findatza bat ordaindu ostean Strauss-Kahn Rikers Islandeko espetxetik ahalik eta azkarren ateratzeko, abokatuetatik hurbil diren iturriek azaldu dutenez.
Iturri berdinen arabera, Strauss-Kahn "ahalik eta azkarren" Rikers Islandeko espetxetik ateratzea eskatuko du defentsak. Kartzelako egonaldia politikari frantziarraren "osasunarentzat txarra" izaten ari dela argudiatuko dute abokatuek. Era berean, beste akusatu batzuekin alderatuta Strauss-Kahnen egoera "diskriminazio" bat dela uste du defentsak.
Zerbitzariaren abokatua
Zerbitzariaren eta Dominique Strauss-Kahnen artean adostutako sexu-harremanik izan ez zela ziurtatu du gaur Jeffrey Shapiro emakumearen abokatuak.
"Adostutako sexua izan zirela esatea gezurretan aritzea del uste dut", adierazi du Shapirok, NBC telebistan egindako adierazpenetan. New Yorkeko luxuzko hoteleko langilea ordezkatzen Shapirok.
"Hoteleko logela horretan adostutako ezer gertatu ez" zela nabarmendu du emakumearen defentsak, Strauss-Kahnen abokatuari erantzunez.
Zaintza berezia
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariari zaintza berezia jarri diote New Yorkeko Rikers Island presondegian ez dezan bere buruaz beste egin, NBC telebista-kate estatubattuarrak jakitera eman duenez.
Erregimen berezi horrekin, guardiek 15 edo 30 minutuan behin egiaztatuko dute Strauss-Kahn osasun egoera onean dagoela. NBCk zabaldu duenez, material bigunarekin estalitako ziega batean dago eta lokarririk gabeko oinetakoekin. Kartzelako mediku departamentuko langile batek agindu zuen neurri horiek jartzea badaezpada ere.
"Legez presoen osasun historialak sekretukoak badira ere, preso guztiei protokolo berbera jartzen diete eta horren arabera, presoak bere buruari edo gainerako presoei egin diezaieketen kaltearen neurrikoa izango da prebentzioa", departamentuaren bozeramailearen esanetan.