Mundua -

'Libération'-en elkarrizketa

Strauss-Kahn: 'Bai, emakumeak izugarri gustazten zaizkit, eta zer?

Libération egunkariak argitaratu du bertako kazetari batzuekin izan zuen elkarrizketa "konfidentzial" batean Strauss-Kahnek "bortxaketa faltsu" batez akusatuko ote zuten beldur zela aitortu ziela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libération egunkari frantziarrak edizio digitalean argitaratu duenez, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak medio horretako kazetariekin apirilaren 28an izan zuen elkarrizketa "konfidentzial" batean aitortu zien, Eliseora bidean hasi zuen ibilbideak hiru oztopo izango zituela, eta ondorengo hurrenkeran: "Dirua, emakumeak eta nire judaismoa".

Era berean, eta beti Frantziako egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, bereziki beldur zela esan zien "bortxaketa faltsu" batez akusatuko ote zuten. Erreportajeak azaltzen duenez, Strauss-Kahnek ondorengo hitzekin azaldu zien bere amesgaiztoa "hondartza bateko aparkalekuan bortxatuko nukeen emakume bat da, asmatutako istorioa kontatzeagatik milioi erdi edo milioi bat euroko saria emango lioketena".

Elkarrizketaren puntu horretan, politikariak eta Moneta Funtseko zuzendariak aitortu zien: "Bai, emakumeak izugarri gustatzen zaizkit... eta zer?" Eta gaineratu omen zuen: "Urteak dira orgia erraldoietan agertzen naizen argazkiak daudela diotela, baina inoiz ez dira argitaratu… Argazkiak badituzte, erakuts ditzatela". Artikuluak dioenez Strauss-Kahnek Nikolas Sarkozyrekin izandako eszena bat gogorarazi zien kazetariei; nazioarteko goi bilera batean zeudela biek komunean bat egin eta Frantziako Presidenteak bere bizitza pribatuko nahasmena utz zezala eskatu omen zion.

Edozein kasutan, New Yorkeko hotelean izandako ustezko bortxaketa saiakera, Libération egunkariak argitaratu duen elkarrizketa "konfidentzial" horren ostean etorri, Dominique Strauss-Kahnek kazetari koadrila bati, isilpean, bere beldur horiek guztiak aitortu ostean, hain zuzen ere.

Bestalde, prozesu judizialean Dominique Strauss-Kahnek inmunitaterik ez duela baieztatu du gaur NDFk.

Baimendutako sexu-harremanak

Baimendutako sexu-harremana izan zela argudiatu du gaur Strauss-Kahnen defentsak, New York Post egunkariak gaur jakitera eman duenez.

"Gure iritziz, frogek ez dute bortxaketa izan denik baieztatzen", adierazi du Benjamin Brafman NDFko arduradunaren abokatuak egunkari horretan. Michael Jackson, P.Diddy eta Jay-Z abeslariak defendatu ditu Brafman abokatu ospetsuak AEBetan.

Bien bitartean, NDFko zuzendariak ustez eraso egin zion emakumearen abokatuak azaldu duenez, biktimak "aparteko" trauma bat sofritu zuen eta ez da lantokira eta etxera bueltatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea