Mundua -
Erresuma Batua
Mayren 'brexit'ari lau alternatiba bozkatuko ditu Komunen Ganberak gauean
Bozketak ez dira lotesleak Gobernuarentzat. Hala ere, diputatuek adostasuna lortzen baldin badute, lege baten tramitazioaren bidez May behartu dezakete.
agentziak | erredakzioa
Theresa May lehen ministro kontserbadorearen brexit-a baztertuta, Europar Batasunetik (EB) ateratzeko lau bide alternatibo bozkatuko ditu Erresuma Batuko Parlamentuak gauean.
Antzeko beste zortzi aukera errefusatu zituen Komunen Ganberak iragan asteazkenean. Europar Batasunarekin aduana batasun bat negoziatzeko aukerak eta irteera itun bat baieztatzeko erreferenduma deitzeak babes handiena erdietsi zuten aurrekoan.
Bozketak ez dira lotesleak Gobernuarentzat. Hala ere, diputatuek adostasuna lortzen baldin badute, lege baten tramitazioaren bidez lehen ministroa behartu dezakete.
John Bercow Ganberako presidenteak bozketarako lau aukera jarri ditu mahai gainean:
1. Aduana batasuna:
Irteera akordioan eta adierazpen politikoan Erresuma Batuaren eta EBren arteko aduana batasun iraunkor bat negoziatzeko konpromisoa hartzeko eskatzen dio Gobernuari.
2. 2.0 merkatu komuna:
Lehen ministroaren brexit-a baino bigunagoa izango litzateke. Erresuma Batua Europako Merkataritza Askearen Elkartean (EFTA) integratzea eskatzen du. Islandiak, Liechtensteinek, Norvegiak eta Suitzak osatzen dute. EBtik kanpo daude, baina Batasunarekin harreman estua dute.
3. Baieztapen erreferenduma:
Parlamentuak EBtik ateratzeko akordio bati oniritzia ematen baldin badio, herritarrek erreferendumean ofizialki berretsi beharko dute.
4. Brexit-a atzeratzea edo bertan behera utzi:
Parlamentuak akordio bat onartzen ez baldin badu, Bruselari atzerapen bat eskatzea planteatzen dio proposamenak Gobernuari, negoziatu gabeko irteera bat saihesteko.
Luzapen bat adostea posible ez bada, akordiorik gabe EBrekin loturak hautsi nahi baldin baditu galdetu beharko dio Exekutiboak Parlamentuari. Bide hori behin baino gehiagotan arbuiatu dute diputatuek dagoeneko.
Jarrera hori mantentzen baldin bada, Erresuma Batuak brexit-a bertan behera utzi beharko du.