Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'aren akordioa abenduaren 11n bozkatuko dute Parlamentu britainiarrean
Aurrez, talde parlamentarioek itunari buruzko eztabaida egingo dute. Debatea abenduaren 4an hasiko da, eta bost eguneko iraupena izango du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Theresa May lehen ministroak jakinarazi duenez, brexit-ari buruzko akordioaren bozketa Parlamentu britainiarrean abenduaren 11n izango da.
"Abenduaren 11n erabaki beharko du Ganbera honek britainiarrek bozkatutakoa bete nahi duen ala ez, baina akordio hau harago doa, enpleguak babesten baititu", adierazi du Mayk.
Atzo Europar Batasuneko gobernuburuek brexit-ari buruzko ituna onartu ostean, orain akordio hori Komunen Ganberak eta Europako Parlamentuak berretsi egin beharko dute.
Gaur lehen ministro britainiarrak agerraldia egin du eta bi orduz aritu da diputatuen aurrean azalpenak ematen. Abenduaren 11ko bozketa horretan aldeko botoa emateko eskatu die, baina zaila izango zaio parlamentariak konbentzitzea.
Oposizioan dagoen alderdi laborista eta gobernatzeko sostengua ematen dion Ipar Irlandako alderdi unionista brexit-aren kontra daude. Areago, Theresa Mayren talde parlamentarioko hamar bat kide ere itun horren aurka agertu dira.
Bozketa egin aurretik, Komunen Ganberan brexit-aren akordioari buruzko eztabaida egingo dute. Debatea abenduaren 4an hasiko da eta bost eguneko iraupena izango du.
"Datozen asteetan, Parlamentu honen eginkizuna akordioa zorrotz aztertzea izango da, errespetuz eztabaidatzea, gure boto-emaileei entzutea eta gehien komeni zaiguna zer den erabakitzea", esan du Mayk.