Mundua -
Ikerketa batzordea
Venezuelan giza eskubideen bortxaketak ikertzeko batzordea sortzea eskatu du NBEk
NBEk deitoratu egin du Madurok Venezuelan sartzeko baimenik eman ez izana NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoko kideei, bertatik bertara ikus dezaten Venezuelan zer gertatzen ari den.
Agentziak | Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundean Venezuelan giza eskubideen bortxaketa ikertzeko batzordea sortzea eskatu du astelehen honetan. Bien bitartean, Venezuelan gertatzen ari denaren nondik norakoak urrunetik jarraituko duela iragarri du NBEk.
"Giza Eskubideen Kontseiluak ikerketarako batzordea sortu behar duela uste dugu", esan du Zeid Ra' ad al Hussein NBEko Giza Eskubideetarako goi mandatariak, Venezuelaren harira aurkeztutako txostenean.
NBEren ordezkari horrek deitoratu egin du Nicolas Maduroren Gobernuak Venezuelan sartzeko baimenik ez ematea Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoko ordezkariei Venezuelan gertatzen ari dena bertatik bertara aztertzeko.
"Venezuelako egoeraren larritasuna eta giza eskubideen bortxaketa ikusita, eta nire Bulegoko langileei bertara joateko behin eta berriro ezezkoa eman diela kontuan hartuta, Venezuelan gertatzen ari dena ikertzen jarraituko du, urrunetik bada ere", azaldu du.
Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoak Venezuelako giza eskubideen inguruko bigarren txostena argitaratuko du datozen egunetan.