Mundua -
Krisia
Trumpek hautsi egin du AEBek Iranekin sinatutako akordio nuklearra
"Isun ekonomiko handienak" ezarriko dituela adierazi du AEBko presidenteak. “Ez dugu okerrik egin eta AEBek alde egitea onartezina da”, esan du Rohanik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump AEBko presidenteak iragarri du hautsi egin duela AEBek 2015ean Iranekin sinatutako akordio nuklearra, eta isunak jarriko dizkio berriro herrialdeari.
"Gaur iragartzen dut AEB erretiratu egingo dela Iranekin sinatutako akordio nuklearretik (...). Isun ekonomiko handienak jarriko ditugu berriro", adierazi du Trumpek, Etxe Zurian egindako agerraldi batean.
Bere programa nuklearrak helburu baketsuak zituela esan zuenean, Iran gezurretan ari zela uste du AEBko presidenteak. Zentzu horretan, orain dela gutxi Israelek aurkeztutako artxiboak "behin betiko froga" direla ziurtatu du Trumpek.
"Iranekin genuen akordioaren bihotzean tirabira handiak zeuden: erregimen hiltzaile batek energia nuklear programa baketsu bat bakarrik nahi zuen. Iranen agintza hori gezurra dela esateko behin betiko frogak ditugu gaur", adierazi du Trumpek.
Hala ere, Iranek akordio "berri eta iraunkor" bat negoziatu nahiko duela iragarri du Ameriketako Estatu Batuetako agintariak. "Akordio berri bat negoziatzeari uko egingo diotela esan dute Irango buruzagiek. Ongi deritzot. Baina azkenean akordio berri eta iraunkor bat negoziatu nahiko dute, Irani eta irandarrei mesede egiteko. Horretarako prest daudenean, ni gertu nago", azaldu du Trumpek Etxe Zurian.
Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE
AEBk 2015eko akordio nuklearretik alde egitea "onartezina" dela salatu du Hasan Rohani Irango presidenteak, Iranek konpromisoak bete dituelako.
"Ez dugu okerrik egin eta AEBek alde egitea onartezina da", esan du Rohanik hitzaldi batean, telebistan, Trumpen erabakiaren berri izan bezain laster.
Bestalde, hartutako erabakiagatik Trump zoriondu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. "Erabaki ausarta hartu du Trump presidenteak", goraipatu du Netanyahuk telebistan zabaldutako mezu batean. "Iranen jarrera erasokorra geldiarazteko" Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hartutako neurriak eskertu ditu israeldar guztien izenean.
Donald Trumpen estrategia babesten duela ziurtatu du Saudi Arabiak, eta AEBko presidenteak hartutako erabakiari ongietorria egin dio.
Erabakia deitoratu dute Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Twitter sare sozialean jakitera eman duenez.
"Akordioa hausteko erabakia deitoratzen dute Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak. Arma nuklearrak ez areagotzeko nazioarteko borroka sistema jokoan dago", ohartarazi du Macronek.
Federica Mogherini EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi ordezkariak erabakia deitoratu du. Donald Trumpek iragarritako zigor berriekin "bereziki kezkaturik" azaldu da, baina Europar Batasunak ituna "kontserbatu" bahi duela bermatu du.
Bestalde, Arma Nuklearrak Abolitzeko Nazioarteko Kanpainak (ICAN) kritikatu duenez, Trumpek "alferrikako krisia sortu du" gaur, akordio nuklearra hautsita.
Erakundeak Bakearen Nobel saria jaso zuen iaz. ICANen hitzetan, pausoak Washingtonen "sinesgarritasunari" kalte egiten dio, eta Ipar Korea "begira" dagoela gogorarazi du.
"Ituna dinamitatzeko Donald Trumpen erabakiarekin, Iran inolako kontrolik gabe arma nuklearretara hurbildu ahal izango da", ohartarazi du Beatrice Fihn ICANeko zuzendari exekutiboak agiri batean, New Yorken.
Nahiz eta AEBk adostasuna hautsi, ituna betetzen jarraitzeko eskatu die Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak akordio nuklearraren gainerako sinatzaileei. Trumpen erabakiarekin "oso kezkaturik" agertu da Guterres, Stephane Dujarric bere bozeramailearen bidez. Akordio nuklearra diplomaziaren "lorpen handi" bat dela errepikatu du.
AEBko buruzagiaren erabakiarekin desengainua hartu duela onartu du Errusiak. Horregatik, NBEko Segurtasun Kontseilua premiaz biltzeko aukera ez du baztertu Kremlinak.
Azkenik, "Iranen urraketarik gabe ituna arriskuan jartzea hanka-sartze larri bat dela uste dut", adierazi du Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak agiri batean.