Mundua -
Krisi politikoa
Italia, hauteskunde berrien atarian
Gobernua osatzeko negoziazioek porrot egin dutela iragarri du Mattarellak. Udazkenean hauteskundeak egin arte Exekutibo “neutral” bat sortzea proposatu du Italiako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Sergio Mattarella Italiako presidenteak gaur iragarri duenez, gobernua osatzeko negoziazioek porrot egin dute. Horregatik, udazkenean hauteskunde berriak egin bitartean, herrialdea gidatzeko exekutibo “neutral” bat sortzea proposatu du agintariak. Hala ere, behin-behineko gobernu bat adostea errefusatu dute alderdi nagusiek dagoeneko, eta berehala bozkatzea eskatu dute.
Martxoaren 4ko hauteskundeek sortutako krisi politikoa konpondu nahian, azken saiakera egin du Mattarellak astelehen honetan, bilera-sorta berria deituta. Ligak, Forza Italiak eta Fratelli d’Italiak osatutako koalizio kontserbadoreak garaipena lortu zuen martxoan, botoen batuketan; baina alderdi bezala Movimento 5 Stellek (M5S) irabazi zuen.
Hasiera batean, koalizioa zein M5S akordio baten alde agertu ziren, baina Forza Italia (Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren alderdia) alderdi antisistemaren betoak eragotzi du. Matteo Renziren Alderdi Demokratikoarekin adostasun batera heltzea ere ez da posible izan.
“Gaurko bileren ostean (…) akordio politiko batetik gehiengo bat sortzeko aukerarik ez dago”, adierazi du Mattarellak Quirinale Jauregian. Bestalde, Italiako presidenteak “gutxiengoan gobernu” bat osatzeko aukera baztertu du, horrek hauteskundeetara berdin eramango lukeelako.
Aldeek negoziazioekin jarraitzeko denbora gehiago eskatu diotela azaldu du Mattarellak, baina nahiz eta horretarako prest agertu, Italiak paralisi politikoa gehiago luzatzerik ez duela erantsi du; horregatik, irtenbide propio bat proposatu du.
“Zerbitzuzko gobernu neutral bat sortzen utzi”, eskatu du. Abendura arte egongo litzateke boterean, eta bidean benetako exekutibo bat martxan jartzeko akordio politikoa adostuko balitz, orduan bigarrenak hartuko luke gobernatzeko erantzukizuna, urte bukaerara iritsi beharrik gabe. Behin epea agortuta, hauteskundeak deituko lituzkete.
“Beste hipotesia hauteskundeak aurreratzea da”, azpimarratu du. MS5ek eta Ligak jadanik planteatu duten aukera da, uztailak 8 data bezala proposatuz.
Zentzu horretan, parte-hartzea bultzatzeko “udan bozkatzea beti saihestu” izan dutela gogorarazi du Mattarellak, ondorioz, hautestontziak udazkenean ateratzea proposatu du.
Azkenik, blokeen arteko akordiorik ez badago, “Errepublikaren historian aurrenekoz legealdi bat hasi baino lehen bukatuko da”, Mattarellak deitoratu duenez. Horregatik, erantzukizun handiz jokatzeko eskatu die alderdiei.
Estatuburuaren hitzetan, Brexit garai honetan Europar Batasunaren aurrean gobernu bat izan beharko luke Italiak, eta baita finantza merkatuen “espekulazioa” eragozteko aurrekontu orokorrak onartzeko ere.