Mundua -
Emaitza
Milo Djukanovicek irabazi ditu Montenegroko hauteskundeak
Botoen % 54,15 lortuta, Sozialisten Alderdi Demokratikoko (DPS) liderra izan da nagusi atzo egindako hauteskundeetan.
Agentziak | Erredakzioa
Milo Djukanovic hautagai europeistak irabazi ditu Montenegroko presidentetzarako hauteskundeak. Botoen % 97,23 zenbatuta, Sozialisten Alderdi Demokratikoko (DPS) liderraren garaipena baieztatu du RTCG telebista-kateak, bozen % 54,15 eskuratu baititu.
Alderdi oposiziogileen gehiengoaren hautagaia, Errusiaren aldeko Fronte Demokratikoko Mladen Bojanic, geratu da bigarren, botoen % 33,24 jasota.
Montenegroko historian Estatuko buruzagitzara aurkeztu den lehen emakumezko hautagaia, Alderdi Sozialdemokratako Draginja Vuksanovic jurista, hirugarren postuan geratu da (botoen % 8,15 lortu ditu). Bozkatzera deituta zeuden herritarren % 63,98k hartu du parte hauteskundeetan.
2006an Serbiarekin osatzen zuen estatutik independentzia lortu zuenez gero, Montenegron presidentetzarako antolatzen diren hirugarren hauteskundeak izan dira.